Sakandarrek EH Bilduren presoen etxeratzea eskatzeko baraualdian parte hartu dute

Guaixe 2015ko aza. 23a, 10:02
Bilboko asteburuko baraualdian parte hartu zuten zazpi sakandarrak.

EH Bilduko 250 kidek baraualdia egin dute Bilboko La Casilla kiroldegian, larunbat eguerditik igande eguerdira. Haien artean zazpi sakandar izan ziren: Aitor Karasatorre, Karmele Marañon, Juanjo Goikoetxea, Fran Balda, Asun Fernandez de Garaialde,  Juan Kruz Aldasoro eta Bixente Goikoetxea. Baraualdiak iraun zuen bitartean koalizioko kideek preso eta iheslariak etxeratzerako EH Bilduk proposatzen duen bide orriaren berri hainbat modutan zabaldu zuten: prentsarekin hartu-emanak, esku-orrien banaketa, jende katea, Etxerat Elkarteko ordezkariekin lan batzarra eta akaberako ekitaldia.

EH Bilduk gogor salatu du euskal preso politikoek jasaten duten eta mendekuan oinarritzen den espetxe politika, sakabanaketa politika hain zuzen ere. “Euskal Herriak Bakea nahi du, eta Bakea lortzeko ezinbestekoa da euskal preso eta iheslari guztiak etxean eta libre egotea”. Helburu hori lortzeko era EH Bilduk Bakerako Euskal Bidea proposamenean jaso du. Lehenik, sakabanaketa eta salbuespeneko neurri guztien berehala bukatzea, presoen eskubide guztien bermea eskatzen du koalizioak. Horrekin batera, espetxe politika arautu eta garatzeko eskumenak EAE eta Nafarroako Foru Komunitateak hartzea bere gain, bakegintza eta presoen kaleratzea helburu izanen dituen espetxe politika indarrean jarri ahal izateko, “justizia trantsizionalaren printzipioetan oinarritua. Azkenik, Euskal Herriko eragile sozial, sindikal, politiko eta instituzionalen arteko elkarrizketa eta akordio zabala lantzea, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren parte hartze zuzenarekin ere, presoen kaleratzea posible eginen duten urrats, arau eta bermeen gaineko adostasunak lortzeko.

EH Bilduko kideek azpimarratu dutenez, “ezin gara Espainia eta Frantziaren zain egon. Euskal Herrian adostasun zabalak landu eta gehiengo sozialak zein instituzionalak mobilizatu behar ditugu herri gisa ditugun arazo guztiei soluzioak eskaintzeko. Erabaki burujabeak hartzeko garaia iritsi da, baita bakegintzan ere, baita preso eta iheslariak etxeratzeko ere”. Koalizioko kideen iritziz, “pentsaera ezberdinetako herritarrak herri gisa ditugun erronka nagusiei heltzeko batzea ezinbestekoa da aurrera egiteko”.