Lakuntzan jokatutako derbia Etxarri liderrarendako

Guaixe 2015ko aza. 23a, 13:01

Lagun Arteak aukera gehiago izan zituen baina Etxarrik eraman zituen hiru puntuak.

Preferente maila. 11. jardunaldia: Lagun Artea 1 – Etxarri 2

Igandean preferente mailako derbi sakandarra jokatu zuten Lagun Arteak eta Etxarri Aranatzek Lakuntzan. Partida lehiatua izan zen. Lagun Arteak aukera gehiago izan zituen eta ez zuen galtzea merezi izan, baina Etxarrik punteria hobeagoa izan zuen eta 3 puntuak eraman zituen, lidergoari eutsiz.

Lehen zatian gol aukera argiak izan zituen Lagunek. Baloi batek langan jo zuen eta beste bi jokaldi nabarmen ez zituzten gauzatu. Etxarrik, aldiz, Lagunen atera iritsitako lehen aldian sartu zuen gola (Pablo, 34. minutuan). Atsedenaldiaren ondoren Sanbak sartutako golari esker berdintzea lortu zuen Lagun Arteak. Tarte horretan bikain aritu zen Lagun Artea, baina Aitorrek sartutako golari esker 1 eta 2 aurreratu zen Etxarri. Lagun Arteako Eneko atezaina aldageletara bidali zuen arbitroak, bi txartel hori ikusi eta gero. Lakuntzarrak saiatu ziren baina derbia Etxarrik irabazi zuen.

Partida irabaztearekin batera preferente mailako lidergoari eusten dio Etxarrik (24 puntu). 2 puntura dago Gares. Lagun Artea 8. postura jaitsi da (16 puntu). Asteburuan Etxarri Aranatzek sailkaoenean azkena den Leitzako Aurrera taldea hartuko du eta Lagun Artea arerio zuzena duen Aibaresen kontra (9. postuan, 15 puntu) arituko da.