Lizarrusti, festa lehertzear

Guaixe 2011ko mar. 18a, 09:48
Isabel bentaren paretak errepide bazterrean.

Elkorri ubeldeak zeharkatzen duen izen bereko ibarraren goiko muturrean, hantxe dago Lizarrusti. Biharkoan bere “festa” ospatuko da. Iaz berreskuratu zuen ospakizuna Lizarrustiko Lagunarteak.  Elkorriz, Lizarrustiz eta garai bateko ospakizunaz gehiago jakiteko batera eta bestera jo dugu Beleixe Irratian (FM 107,3) eta Guaixe astekarian.

Oihana Gallo San Roman, Izaskun Errazkin Beltza eta Alfredo Alvaro Igoa


Elkorriko goiko partean dago Lizarrusti, garai bateko agirietan Leizaurresti edo Lizaurresti  izendatzen zutena. Rafael Carasatorrek Barranca-Burunda liburu ederrean azaltzen duenez, egungo eraikuntzak berriak dira, Lizarra-Gipuzkoa errepidea zabaltzearekin batera indartuta.


Elkorri, etxez etxe
Errekan gora egiten dugula, bere bazterrean opatuko dugu Bekola. Bidean 700 bat metro aurrera eginez, Arginburuetako harrobiaren aurretik, errekaren beste aldean egon zen Goikolako uharka, presa, eta pixka bat beherago izen bereko burdinola, egun eraitsia. Ondoren Piaren etxea zegoen. Errepide bazterrean, 46. km-aren eta Ergoeinako beheko basoko bordaren inguruan kamineroen etxea zegoen.

Lizarra-Beasain errepidean gora, 180 graduko bihurgune bazterrean Quifosa zenaren aztarnak  gelditzen dira, Quimica Forestal SA lantegiarenak hain zuzen. Jose Martin Arana Arregi beasaindarrak eraiki zuen lantegia . Beasainen pago-zuretik alkohola egiten zuen fabrika zuen. Zur haren lehen tratamendurako Lizarrustin zuen beste fabrika bat egin zuen, osagarri gisa.

Azken maldak igo eta Lizarrustirekin topo eginen dugu. Isabel bentaren aztarnak eta beste hiru etxe daude.


Herri baten pare
Lizarrustiko Lagunarteko Ramon Arratibelek, Rayok, Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu zuenez, “garai batean Lizarrusti herri bat bezalakoa zen: apaiza, irakaslea (emakumea) zituen… Ume asko zeuden eta haiendako eskola behar zen”. Eskola egun Parketxea dagoen tokian zegoela azaldu zuen Rayok. Hala ere, zehaztu zuen Araña etxeko jendea Lizarrengora joaten zela eskolara.

“Etxarritik joaten zen apaiza. Jabonero zen guk meza gehien ematen ezagutu genuena. Lizarrengon meza eman eta gero Lizarrustira joaten zen. Meza ematen zuen, abeslariak eta dena zeuden, bertako jendea”, azaldu zuen Ramonek Beleixe Irratian (FM 107,3). Elizkizunera Bekolatik hasita joaten zirela azaldu zuen lizarrengotarrak.

Lizarrustitik behera, Quifosa lantegian martxan ezagutu zuela azaldu zuen Arratibelek Sakanako irrati euskaldunean. “9 urterekin Putterri mendira egur eske joaten ginen eta eguraldi txarra tokatzen zenean hantxe lehortzen ginen”. Quifosak alkohola egiteko zituen bospasei labe handiak gogoan ditu Ramonek, baita han bizi ziren zortzi familiak ere. Alde egiten joan ziren, lantegia itxi zen arte. Quifosako jendeak ere Lizarrustira jotzen zuela ere nabarmendu du Rayok.

Lizarrengotarrak gogora ekarri zuen Lizarrustin bertan zeuden Nafarroako eta Gipuzkoako Mikeleteak zeudela. “Eta mezetara joaten ziren, umeak eta denak”.

Isabel Bentan taberna zegoen. 300 bat urte omen dira Lizarrustin benta zegoela. Garai batean Estellesa eta Bergaresa konpainietako autobusen geraleku behartua zen benta, bidaiariek jan-edan zezaten. Gaur egun haren aztarnak gelditzen dira, 1990eko azaroaren 26tik 27rako gauean sute batek txikitu baitzuen.
 
Gerra ondoren
Aurrera egiteko sakandar askok eta askok estraperloan eta kontrabandoan aritu behar izan zuten. Arratibelek bata eta bestearen arteko aldea azaldu zuen: “estreperloan jateko gauzak ziren. Kontrabandoa izaten da, material, gauza asko”. Bera ere estraperlistei mendian laguntzen ibilia zela azaldu zuen. Txirrindulak lagunduta garraiatzen zituzten jakiak eta maldan gora haiei bultzaka aritu zen askotan lizarrengotarra.

Gero jaitsi beharra zegoen eta Rayok azaldu zutenez, “gipuzkoarrek  bizikleta gainean bi zaku zituztela , ezin zuten frenatu. Txirrindulari soka bat lotzen zioten, atzetik zuhaitzaren erro bat. Eta haiek frenatzen zuten”. Arratibelek azaldu duenez, garai hartan Gipuzkoan lantegi asko zeuden, baina jatekoa Nafarroan. “Diru pixka bat” uzten zuela azaldu zuen Rayok.

Parketxea
Gaur egun arduraduna da Jon Etxeberria. Harekin batera, sukaldari donostiar bat eta zerbitzari altsasuar bat daude Parketxean lanean. Astelehena jai egiten dute. Gero asteazkena bitartean pertsonaren bat edo beste joaten bazaie, jende gehiena asteburuan pilatzen da. Ramonek dioenez, giro polita sortzen da jendea dagoenean. Parajearen edertasunak jendea “harrituta” uzten duela ere azaldu zuen Beleixe Irratian (FM 107,3). Rayok dioenez, jatera  sakandarrak goierritarrak baino gehiago joaten dira.

Festa
Rayok ez daki noiztik ospatzen den San Jose Lizarrustin. Hori bai, gogoan du festara joaten zela, anaiak txirrindulako parrilan eramanda. “Gero oinez etortzen ginen, ilundu baino lehenago”. Bitxikeria bat ere kontatu digu lizarrengotarrak: “San Jose egunean musika ekartzen zen eta inon ez zen jotzen helduta dantzatzeko,  agarrau.  Horkoek baimena eskatzen zioten Ataungo Udalari eta udalak gotzainari. Eta baiezkoa ematen zuten. Eta jendeak egiten zuen dantza poliki. Nik ezagutu dut, Isabelen etxean eta beste aldean ere bai”. Garai hartan garizuman, Euskal Herrian dantza lotuan egiten zen toki bakarra zen, beraz, Lizarrusti.

Iaz berreskuratu zuten San Jose eguneko ospakizuna. Haren entzutea bazuen Jon Etxeberriak eta lagun talde batekin aurrera eraman zuten festa berreskuratzeko asmoa. “Poliki atera zen” gogoratzen du Rayok, “iaz 195 edo bilduko ginen. Paella ia bukatu zen. Ez arroza bakarrik, eh? Haragiak estaltzen du arroza, arkumeak eta oilaskoak.

Aurten, San Jose eguna, martxoaren 19a larunbata da. Dagokion egunean, beraz, ospatuko da festa. Biharko egitaraua Marronek gidatutako mendi ibilaldiarekin hasiko da. Haurrendako jolasak. Francis Arregi ipuin kontalari altsasuarra izanen da. Iaz toka txapelketan 17 pertsonak parte hartu zuten eta aurten berriro errepikatuko da. Gero txupina botako da. Iaz bota eta ordu erdira segurtasun indarrak agertu ziren galdezka. Bazkal ondoren Eneko Lazkoz eta Aitor Sarriegi bertsolariak ariko dira kantuan. Aiora Urdangarin eta Eneko Dorronsoro trikitilariek jarriko dituzte guztiak dantzan. Afal aurretik, Abarlotz Olanok eta bere taldeak kontzertua eskainiko dute. Eguna despeditzeko auzotarren afaria izanen da. Aurretik izena emanda egon behar zuen.



Egitaraua
10:00etan Mendi ibilaldi gidatua Lareotik barrena.
11:00etan Haurrendako jolasak.
12:00etan Txupinazoa.
12:30ean Troka txapelketa.
12:30ean Ipuin kontalaria.
14:00etan Paella jana 200 lagunendako (6 euro pertsonako). Ondoren bertsolariak eta trikitilariak.
17:30ean Abar Olanoren kantaldia, Antilla disko berriaren aurkezpena.
20:00etan Lagun arteko afaria.



Venta Isabel-Etxe Berria
Maria Jesus Urteaga eta Miguel Antonio Barandiaran
Maria Jesus Urteaga izatez lazkaotarra da. Alaba zaharrenak 3 hilabete zituela Venta Isabel hartu eta hara joan zen familiarekin. Bertan bizi izan da senarra eta bost seme-alabekin. 1990ean su hartu zuen Venta Isabelek, baina orduan ere ez zuten Lizarrusti utzi. “Nora joango ginen ba, bertan genuen borda eta ganadua” diote. Ordurako erosita zuten bideberriaren beste aldeko etxea, Casa Nueva deitzen zena -haiek Etxe Berria izena eman diote-. Gaur egun bertan bizi dira senar-emazteak seme zaharrenarekin, Miguel Antoniorekin. Seme gazteena eta familia azpiko bordan bizi dira.

Gogoan dituzte garai bateko ibilerak. Maria Jesusen senarra tratuan ibiltzen zen ganaduekin. Haren bidea jarraituta, semeak ganaduzaleak dira. Ama-alabek, berriz, tabernan egiten zuten lan. “Mugimendu handia izaten genuen” dio Maria Jesusek, “autobusak, aurrena Estellesa eta gero Bergaresa -orain Pesa dena- Lizarrustin geratzen ziren. 10 bat minutu egiten zuten bertan eta lan asko egiten genuen: bokadilloak, salda…” azaltzen du. Uda garaia bereziki jendetsua izaten zen. “Artzainak bertan egoten ziren eta Lazkaotik eta Ataundik familia osoak etortzen ziren arrantzara eta perretxikoak edo karramarroak hartzera. Goizean autobusean etorri eta iluntzean joan. Askotan pasatzen ziren bentatik, zer edo zer eskatzera” azaltzen dute ama-semeek.

Bizimodua ez zen erosoa Lizarrustin. Argia eta ura garesti zeuden. “Lehendabizi karburoarekin moldatzen ginen, gero butanoarekin eta azkenik Quifosako presatik hartzen genuen. Askotan gaueko 22:00etan presara joan behar izaten genuen motorrari indarra ematera, eta oherakoan, berriz, itzaltzera. Duela 30 bat urteko kontuaz ari gara” azaltzen digu Miguel Antoniok. Ura ere arazoa zen. Etxe ondoan ganaduarendako asko zegoen, baina udan agortu egiten zen. “Askotan arropa garbitzera errekako askara joan behar” dio Maria Jesusek.

Bestalde, zerbitzuak urriak ziren. “Alejandro Andueza uhartearra etortzen zen furgonetarekin hamabost egunetik, eta Juanito Igoa Katxo egunero pasatzen zen arrainarekin. Batzuetan txaboletan zeuden ikazkinendako ere arraina hartzen genuen. Batak besteri laguntzen genion” dio Maria Jesusek. Bestelakoan, zerbait behar izanez gero Etxarrira joaten ziren autobusez eta, “behar-beharrezkoa zenean”, aitaren furgonetan. “Semeak hagineko minez zeudenean kilometroa markatzen duen karteleraino joaten nintzen, han gurutzea egin, musu eman eta mina sendatuta” azaltzen du Maria Jesusek.

Lizarrustik ez du garai batean zuen mugimendua, baina Barandiaran-Urteaga familiak bertaratzen direnekin hartu-emanetan jarraitzen du. “Taberna itxi genuen, baina bakarren bat botaketan badago, txirrindulariren bat egarriarekin badator edo kura egin behar bada hemen gaude” dio Maria Jesusek. “Eta gazta saltzen jarraitzen dugu” gaineratzen du semeak. Noiz edo noiz, garai batean Lizarrustin bizi zirenen bisita izaten dute.

Quifosa
Maria Angeles Igoa Mozo
Maria Angeles Igoa Mozo Quifosa fabrikako pisuan bizi zen familiarekin. “Aitak han lan egiten zuen eta han bizi ginen gurasoak, Jose eta Pedro anaiak eta ni. Felix anaiak denbora gutxi zuela etorri ginen Etxarrira” dio. Maria Angeles txiki asko zen oraindik, “4-5 urte izanen zituen eta, gainera, denbora asko egiten zuen aminaren etxean, Unanun”. Horregatik ez du Elkorriko oroimen handirik.

Zenbait familia bizi ziren Quifosan “Zortzi bat familia izanen ginen, arbizuarrak, lakuntzarrak, gu Unanukoak… Aldamenekin oso ongi etortzen ginen” dio Maria Angelesek. “Bigarren edo hirugarren pisuan bizi ginen eta, desnibel handia zegoenez, atzeko leihotik kalera ateratzen ginen” dio. Han ez zuten gauza handirik, “txerriak hazten genituen basoan, zotoletan, eta bagenituen oilo batzuk. Beste zerbait behar bazen, ama eta aita bizikletan joanen ziren Etxarrira. Aitak ez zuen autorik; bizikleta zen bere deskapotablea” azaldu zigun umoretsu. Gogoan du ama ubeldera joaten zela garbitzera.

Quifosa ixtean banatu egin ziren han bizi zirenak. “Batzuk Zumarragara joan ziren, beste batzuk Etxarrira… Nire familia Etxarrin pisua aurkitu arte izeba baten etxean egon zen” dio. Noiz edo noiz, Lizarrustira joatean, penaz begiratzen dio erdi erorita dagoen bere jaiotetxeari.


Bekola
Jose Manuel Lakuntza Flores
Jose Manuel Lakuntzaren aiton-amonak Arbizuarrak ziren. Bekolara joan ziren bizitzera eta han jaio ziren ondorengoak, tartean, Jose Manuel bera. Han bizi izan zen amina, gurasoak eta hiru anai-arrebekin. Familia baserritik bizi zen, sorotik eta abereetatik. Karlista garaian ola izandakoa zen haien borda. “Iritsi gara han bederatzi pare idi eta basoko gizonak han lotan ikustera” dio etxarriarrak, “Elkorriko etxe gehienetan horrela zen, Piaren etxean, gurean… Basora lanera joan eta han zeudela iluntzen bazuen, bertan geratzen ziren afaltzera eta lotara”.

Garai hartan Elkorrin mugimendu handia zegoen. “Elkorrin lurrak zituzten Ergoienak, Arbizuk eta Etxarrik. Batetik eta bestetik basora joaten ziren, orbela, ganadua zaintzera edo ateratzera” azaldu digu Jose Manuelek. “Hura herri bat zen” dio, “han ezagutu ditut, Arbizuko basoan, Arañatarren etxean zazpi lagun; gurean beste zazpi; Goikolakoak han izan ziren Martinek 12 bat urte bete arte; Piaren etxean gurasoak eta hiru senide, han izan ziren Mabik 11 urte inguru bete arte; Camineronean, Xeberen familia eta ondoren beste bat izan zen; Quifosan ere ezagutu ditut; eta Lizarrustin etxe guztiak beteta ezagutu ditut. Jende asko bizi zen eta mugimendu handia zegoen. Bideberriaren inguruko soro guztiak landu egiten ziren” ekarri du gogora.

Jose Manuelek ere gogoan du Alejandro Andueza uhartearraren furgoneta. “Hamabost egunetik behin etortzen zen eta lasai asko egoten zen baserrian” dio. Gainerako mandatuak egiteko ordea, Etxarrira edo Arbizura joan behar, “oinez, bizikletan, eta geroago motoan”. Erosotasun falta horregatik akaso, Elkorriko etxeak hustutzen joan ziren. Gogoan du Jose Manuelek: “Emeterioren familiakoek etxea bota eta haren hondakinekin egin zuten Etxarrin Urbasa taberna dena, eta gauza bera egin zuten Goikolakoek. Gure gurasoak izan ziren baserria uzten azkenak. Seme-alabak han egon ginen ezkondu arte eta gurasoak ere urte gutxi geroago etorri ziren” dio.

31 urte geroago, Bekolarako joera handiarekin jarraitzen du Jose Manuelek. “Han dut baratza eta ia egunero noa” dio; “batzuetan baita bitan ere” gehitzen du emazteak.


Lizarrusti bilgunea
Jose Manuel Lakuntzaren hitzetan, Elkorriko zuloa “herri bat zen”. Bada, herri harrek plaza bat izatekotan, Lizarrusti izanen zen. Bertan zeuden inguruko etxe gehienak: “Venta Isabel, Jose Miguel artzainarena, Nafarroako arbitroak, Casa Nueva edo Dorotearena eta, Gipuzkoan, kamineroak, hiru mikelete eta kabo esaten geniona” azaldu digu Bekolako Jose Manuel Lakuntzak. “Mikeleteek eta recaudador izenekoek xixa edo zerga kobratzen zuten. Batzuek Gipuzkoatik etortzen zen jeneroari -arraina eta beste- zegokion kanona kobratzen zuten eta besteek Nafarroatik pasatzen zena -irina, garia, patata-” dio Maria Jesusek.

Elkarrizketatuek gogoan dute Lizarrustiko eliza eta eskola. Hasieran Venta Isabel zenean zeuden, eraikin berean. “Lau senideak Lizarrustiko eskolara joaten ginen oinez” dio Bekolako Jose Manuelek, “amak bazkaria prestatzen zigun eta egun guztirako joaten ginen. Gehienetan, Dorotearen etxean bazkaltzen genuen, Casa Nueva deiturikoan. Guk amaitu eta berehala autobusa jarri zuten Etxarrira”. Ordukoa da Miguel Antonio: “Etxetik bokadilloa eta termoa eraman eta han bazkaltzen genuen. Gerora, eguerdian autobusa jarri zuten”.

Denborarekin, eliza bideberriaren ezker aldera pasatu zuten. “Han ezkondu ziren arreba zaharrena eta anaia gaztea. Anaia izanen zen han ezkontzen azkena” dio Bekolak. Lizarrustikoek pena handia hartu zuten eliza kendu zutenean: “Pentsa, gure mutiko txikiak esaten zuen ez zuela komuniorik egingo herriko eliza kendu zutelako” azaldu digu irribarrez Maria Jesusek. “Azkenean Barandiaranen iloba -hura ere apaiza- etortzen zen dotrina ematera eta tabernan bertan egin zuen komunioa”.

Lizarrustiarrek gogoan dute San Jose eguna. “Hemen oso popularra zen. Entzuna daukat San Josetan zortzi egun ere egin zutela etxera joan gabe” dio Maria Jesusek. Bekolakoendako ere festa handia zen: “Arbizuko familia Bekolara joaten zen eta 30 bat lagun biltzen ginen han” azaldu digu Jose Manuelek, “Lizarrustira jendetza joaten omen zen Etxarritik Harinerako kamioian” ekarri du gogora.

Zenbait urte geroago, garai bateko festa giroa itzuliko da Lizarrustira.