Gaur Donostian estreinaldia du Gure kabuz ala hil izeneko dokumentalak, gazteen frustrazioa eta prekaritatearen aurrean alternatiba bat sortzeko gogoen isla Gazte Abertzaleen ikuspegitik gurera.
Kaleume hitza gogorregia agian, baina garapen pertsonalerako tresna aproposik gabe geratu da gure gazteriaren zati handi bat. Beste batek gure arazoak konponduko dizkigulakoan, guk geuk gauzak egiteari uzteko segadan erori gara azkenik.
Oinetakoen sokak lotzen ez dakien haurraren pare bizitzaren ateetan. Bonbila bat aldatzen edo erosketa egin eta bazkaria prestatzen ez dakien gazteak zaila izanen du. Soluzioen bila, saltzen dizkietenak baino ez dituzte ikusiko, manipulazioen biktima, mugikor batean youtubeko bideoei so. Wasaparen erakuskerian galduta eta sare sozialetan kateatuta. Bapatekotasunera ohituta, pazientzia eskas. Frustrazioetatik babestuak txikitatik, nola onartu ezetz bat erantzuntzat? Nola ulertu bizitzak behin eta berriz eroraraziko dituela berriz altxa daitezen?
Altxatzen ikastea. Porrotak eta ezetzak onartuz haiei esker hobetzea. Nahi dugun hura, amets hura lortzeko guk geuk egindako lanaz baliatzea. Gauzen zergatiaz galdetu eta kritikoak izatea. Bidetik atera eta bidea kanpotik hasita ikusiz gure norabideaz kontzientzia hartzea. Azken finean bizitza adarretatik eustea. Sakanara iritsiko da dokumental hau ikusteko aukera, burua astintzeko balioko al digu!