Buruko gaitzen inguruko mahai ingurua gaur

Erkuden Ruiz Barroso 2015ko aza. 26a, 08:04

“Ez da eroen kontua, guztiona baizik” mahai ingurua antolatu du Altsasu, Olazti eta Ziordiko oinarrizko gizarte zerbitzuen mankomunitateak gaurko, 18:00etan, Iortia Kultur Gunean.

Buruko gaitzak isilean egoten diren gaitzak dira. Gizartean tabu dira askotan eta buruko gaitzak dituzten pertsonak estigmatizatuak daude. Aldiz, gertu dauden gaitzak izan ohi dira. Honi buruz hitz egingo dute Bani Mayak, Iruñeako Alde Zaharreko buruko osasuneko zentroko psikologoak; Sergio Saldaña Tengo trastorno bipolar liburuaren egileak; Iker Ojer ANASAPS elkarteko kideak eta Jose Antonio Intxauspe Donibaneko buruko osasuneko zentroaren psikiatrak buruko gaitzen inguruko mahai inguruan.

Azaroaren 28, larunbata, buruko gaitzen inguruko antzerkia izango da Iortia Kultur Gunean: Un loco de desatar, Sardo Irisarri aktorearekin.

Eroetxe batean bizi den pertsona protagonista
Larunbatean, 20:00etan, Iortia Kultur Gunean Sardo Irisarri aktorea Amador izango da Un loco de desatar antzezlanean. Amador eroetxe batean bizi da. Urte luzez bertan bizi ondoren kalera atera behar da eta ez du nahi bertan desberdin sentitu delako. Amadorrek libre izan nahi du, baina libre hipokrisiarik gabe. Oholtza gainean hamar pertsonaia egonen dira, pertsona bakar batean.

Buruko gaitzen inguruko mahai inguruaren jardunaldien barne gai honi buruzko antzerkia antolatu du Altsasu, Olazti eta Ziordiko oinarrizko gizarte zerbitzuen mankomunitateak. Elikagai Bankurako elikagai ez galkorren truke lortu daitezke sarrerak Iortia Kultur Gunean.