12 bikote I. Gure Pilota Pala Torneoan

Guaixe 2015ko aza. 26a, 09:50
Palistak, lanean. Artxiboko argazkia.

Txapelketa abenduaren 6an hasiko da

Nafarroako Pilota Federazioak, Sakanako Mankomunitatearen Gure Pilota taldearen eta Arbizuko eta Etxarri Aranazko Udalen laguntzarekin emakumeendako I. Gure Pilota Sakanako Pala Torneoa antolatu du. Txapelketa abenduaren 6tik aurrera jokatuko da, elite mailan eta promozio mailan. Antolatzaileek sari politak izanen direla adierazi dute.

Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak adierazi digunez, Nafarroako Pilota Federazioak, Mank-ek eta Gure Pilota klubak indarrak batu dituzte, helburua “txapelketa indartsu bat antolatzea” delako, “hurrengo urteko pala egutegian Euskal Herri mailan lekua izango duena”.

12 bikote arituko dira guztiak. Elite mailan, Maite Ruiz de Larramendi, Ariane Arrieta, Maider Huizi, Maddi Mendizabal, Leire Etxaniz eta Claire Bordagaray atzelariak eta Susana Muneta, Yanira Aristorena, Amaia Irazustabarrena, Amaia Araiztegi, Ainhoa Garmendia eta Nagore Martin aurrelariak. Promozio mailan, aldiz, Edurne Argain, Aitziber Ardanaz, Irati Lasa, Izar Parot, Anne Maiza eta Leire Gabirondo atzelariak eta Uxue Murillo, Irati Igoa, Miren Goikoetxea, Irati Otaegi, Ane Itsasmendi eta Olatz Agirrezabala aurrelariak.