Antsietatea eta depresioa dira osasun mentaleko desoreka ohikoenak, eta hauek, OME-ren (Osasunaren Mundu Erakundea) esanetan, gizonezkoengan baino eragin handiago dute emakumezkoengan. Lasaigarriak eta somniferoak dira emakumeek gizonek baino gehiago kontsumitzen dituzten psikoaktibo bakarrak, Plan Nacional sobre Drogas txostenak esandakoen arabera, bikoitza baino gehiago. Alkohola eta tabakoaren ondoren, gehien kontsumitzen diren drogak dira pilula hauek.
Gaur egun, botika hau populazioaren %12ak erabiltzen du, 2005. urtean erabiltzen zenaren bikoitza. Medikuek, gehiegi errezetatzen dituztela eta beraien erabilera ez dutela kontrolatzen onartzen dute. Europako herrialdeen artean pilula hauen kontsumoa gehien hedatu den tokia Espainia da.
Medikuaren errezeta beharrezkoa duen droga legal bakarra dela esan genezake. Botika merkea, epe motzean eragiten duena eta ondorio txar handirik gabekoa da. Lo egiteko, barruan daramagun piztia lasaitzeko, egoera txarrei aurre egiteko edo eta bizitzarekin aurrera egiteko lagungarriak izan daitezke.
Baina aipatutako abantaila hauetaz aparte, pilula hauek menpekotasun handia sorrarazteko gaitasuna dutela jakin behar dugu. Gero eta dosi handiagoak behar izaten dira efektu berdinak lortzeko. Bai medikuarendako eta bai gaixoarendako ere, errekurtso azkarra eta erraza da hasiera batean. Sarri, medikuek eta gaixoek tratamenduarekin noiz hasten diren badakite, baina ezin dute jakin noiz bukatuko den.
Emakumeek beraien arazoak pilulekin arintzen omen dituzte eta gizonek, aldiz, alkoholarekin. Mediku eta psikologoen esanetan, gizonek, medikura joan behar izan gabe, adikzioetarako joera handiagoa dute, eta aldiz, emakumeek, laguntza eskatzen dute, haien oinazea azaltzen dute eta medikuak esandakoa egiten dute.
Bestalde, badago pilula hauek kontsumitzeko beste arrazoi indartsu bat: oinazeak inolako konnotazio ezkorrik gabe arintzen ditu, eta hau emakumeengan eragiten duen arrazoia omen da.
Azkenik, emakumeen antsietatea ez da kasualitatea, hormonek baldintzatzen omen dute eta andreek badute horretarako joera. Gizarteak berak ere joera horretan badu zerikusi handia: lanaldi bikoitzak, bakardade egoerak…