1.- Zer da Mirentxin Gidariak?
Presoen senideak bisitak egitera eraman ahal izateko sortu ziren taldeak. Senide guztiek ez dituzte bidaia egiteko aukera berdinak. Irtenbidea emateko sortu zen orain dela 35 bat urte Bilbon.
2.- Nola sortu zen?
Bilboko mutiko batek bere koadrila Algecirasera eramaten zuen eta senide askok bizi zuten errealitatea ikusi zuen. Horrela lehenengo taldea sortu zen eta beharra zegoenez taldea handituz joan zen.
3.- Nola iritsi zen Sakanara?
Mikeldi hasi zen duela urte batzuk. Bilboko lagun baten senideak Mirentxinen hasi ziren eta bidaiak egiteko proposatu zidaten. A Lamara bidaiak egiten hasi ginen. Beharra txikitu beharrean handitu denez inguruko jendearekin harremanetan jarri zen. Hasieran bidaia hasi aurretik Euskal Herri ia osotik joan behar ginen. Gero erosoagoa izateko Gasteizko taldearekin elkartzen hasi ginen: Altsasutik Lopidanera joaten ginen senideak jasotzeko. Gasteizko taldeak proposatu ziguten Nafarroan talde bat sortzea. Beraiek furgonetak utziko ziguten eta horrela hasi ginen Nafarroan taldea antolatzen: Sakanan batez ere, Iruñerria, Tafallan eta Lizarran.
4.- Gaur egun zenbat gidari zarete Sakanan?
Sakanan hogei gidari inguru izango gara; batez ere Etxarri, Arbizu, Altsasu eta Olaztikoak. Gurekin Leitzako gidariek egiten dituzte bidaiak ere.
5.- Nola antolatzen zarete?
Beharren arabera. Sakanako taldeak sei hilabetero furgoneta dauka. Bilera bat egiten dugu eta egutegi bat osatzen dugu. Asteburuero bi gidari jartzen ditugu eta beste bikote bat erreserban gelditzen da. Azken momentuan zerbait gertatzen bada beste bikotea joateko prest egon behar da. Senideek Etxeratera deitzen dute eta haiek datu bilketa egiten dute: zein familiar doazen, zein kartzeletara, nor bisitatzera... Etxeratek Mirentxingo talde bakoitzari zenbat gidari behar diren esaten die. Guretako oso garrantzitsua da eta asko eskertzen dugu gure gidariak oso pertsona ziurrak izatea eta tokatzen zaienean joatea. Gidari bakoitzak urtean bat edo bi bidaia egiten ditu eta beste bat edo bi erreserban gelditzen dira.
6.- Furgonetak taldekoak dira?
Etapa desberdinak bizi izan ditugu: hasieran norberaren kotxearekin joaten ginen. Ondoren, furgonetak alokatzen hasi ginen baina alokatzeko furgoneta gutxi zeuden eta kotxeak nahiko gaizki zeuden. Orduan furgonetak erostea pentsatu genuen. Lau urteko bizia izan ohi dituzte furgonetek. Izan ere, asteburuero 2.000 kilometro egiten dituzte gutxi gora behera, beraz, lau urtetan 400.000 kilometro egiten ditu furgonetak. Furgoneta ongi egon ohi da baina kilometro horiekin berri batengatik aldatu behar da. 28.000 euro kostatzen dute eta dirua talde bakoitzak lortu behar du. Orain Euskal Herri mailan boletoak saltzen hasi gara: zozketatzen den furgoneta bigarren eskukoa da, baina lortutako guztia furgonetak aldatu ahal izateko da. Senideek bidaiaren gastuak ordaintzen dituzte; gasolina eta mantentzea.
7.- Zergatik ari zarete Mirentxinen?
Senideak laguntzeko. Dispertsioaren arazoak bizi izan ditugu eta gure ekarpena egin nahi dugu. Senide guztiek ez dute bidaia egiteko aukera. Helburua oso argia da: dispertsioaren arazo honi, bidaiarena, aurre egitea. Denborarekin lortu izan dugu gero eta jende gehiago kontzientziatzea, dispertsioaren errealitatea ezagutzea eta ulertzea. Lehenengo aldiz bidaia egiten dutenek harrituta gelditzen dira. Eta egin dutenarekin harro sentitzen dira. Asteburu hori gogorra izan ohi da. Gure helburua urtean bat edo bi gehienez egitea zen, baina gero jende gehiago sartzen hasi zen. Izan ere, asteburuero jende berdina joan behar bada denborarekin erretzen da eta utziko zuen. Jendeari furgonetak erabiltzera eta jendea izena ematera gonbidatzen diegu. Erosoagoa da norberaren kotxeetan joatea, baina ulertu behar da senide guztiek ezin dutela. Beraz, furgonetak oso garrantzitsuak dira.
8.- Zein izan dira egin dituzuen bidaiarik luzeenak?
Javi eta Igorrek Joux la Ville eta Clermont Ferrand espetxeetara joan behar izan zuten. Frantziar estatuko mediterraneotik gertu eta hura bai izan zela tortura. Hamahiru ordu gidatzen joateko eta gutxiago itzultzeko. Ez genuen bidea ezagutzen, senideek ere ez zuten ezagutzen, GPSa erotu zen eta autobide baten erdian iritsi ginela esaten zuen... Senideak bisitara berandu iritsi ziren, lau orduko bisita zuten eta erdia egin ahal izan zuten eta gero arratsaldean osorik. Orain Almeriara egiten ditugu bidaiak.
9.- Gainera, bisiten ordutegiak kontrolatu behar dituzue.
Bisitak larunbatean dira. Almeriarako bidaia egiteko ostiralean Lopidanetik 20:00etan ateratzen gara eta gau osoan zehar bidaiatzen da. Hiru geldialdi egiten dira eta gero iristean gidariek ostatu batean lo egiten dute eta senideak furgonetarekin gelditzen dira kartzelara joan etorriak egin ahal izateko. Batek goizeko hamarretan du bisita eta hurrengoak arratsaldeko lauretan. Bisitak goiz bukatzen badira arratsaldean itzultzen gara. Bestela igande goizean. Lehen senideek bisiten orduan aldatzeko aukera zuten baina orain ez; bost senide baldin badaude, bost ordutegi ezberdin. Tortura handiagoa.
10.- Istripuen beldurra izango duzue.
Beldurra eta ardura. Senideak asteburuero bi gidari ezberdinen eskuetan jartzen dira. Gidariak jakin badaki asteburu horretan ongi deskantsatu behar duela. Senideek gidariengan jartzen duten konfiantza eskertzekoa da. Senideak eroso joan behar dira.
11.- Bisitaren parte sentituko zarete.
Bidaia bat beti berdina egiten duzuenean azkenean harremana eta elkar ezagutzen gara. Senideak asko berdinak dira, baina lagunak aldatzen dira. Zerrendak sei hilabetero aldatzen dira. Inplikatu egiten zara. Senideekin zaude eta indarra ematen diezu. Kontuan izan behar da gehienok bisitak egiten ditugula ere. Orduan, gidari moduan joaten zarenean zerbitzu bat egiten duzu. Desberdina da bisita bat egiten duzunean edo gidaria zarenean. Gidari zarenean gidatzera joaten zara.