Aurreko batean, señorito espainiar bati entzun nion ezkerreko politikari bati buruz, gutxiespenez, Utopiaren ibiltari bat zela. Esaldi ederregia iruditu zitzaidan, beste ñabardurarik gabe, aipatutako osbornetar, eskuindar, madrilzale eta bibidoreak sortua izateko.
‘Utopia’, berez, ou ‘ez’ + topo ‘lekua’, ‘ez den lekua’, hitzez hitz. Thomas More politikari humanista ingelesaren fikzioan, jendarte baketsu bat bizi zen irla baten izena. Jendarte hark berdintasun ekonomikoa, elkarrekiko balioak, eta denen ongia norberaren nahikeriaren gainetik jartzen zuen. Thomas Moreren kritika zorrotza garai hartako gizarteari.
Harez geroztik bostehun urte pasatu badira ere, bizi dugun statu quo globalizatu honetan, han-hemengo irudiak gero eta larriagoak dira. Ardo botilari heltzen dion gizonezko zarpail abaildua. Emakumezko etxegabetuaren aurpegi negartsu etsia. Amaren bular idorrari hurrupa ari den haur ahularen ezina. Bonbaz hildako amaren gorpuaren ondoan izuturik ageri den seme-alabaren negar lazgarria. Irudi zoritxarrekoak, halaxekoak!
Halere, batzuek sinetsarazi nahi digute horiek errealitatearen ezinbesteko irudi naturalak direla, beren erosotasunaren adierazle. Baina, ez! Pertsona horiek ez dira bizi duten egoeraren errudunak. Ez, horiek lukurreriaren biktimen irudiak dira, statu quoaren terrorismo zuriaren biktimak.
Bizitza duinerako eskubidea dutelako, utopia dira ametsak, elkartasuna eta irribarreak; horregatik, ez da iraina Utopiaren ibiltaria izatea.