Parisen gertatutakoa latza dela? Zalantzarik ez!
Zer pentsa, eta zer aztertu eman diezaguke 8 pertsonek egin dutenaren inguruan: arma zein lehergailuak hartu eta ezagutzen ez duten jendea hil “Alláhu akbar” (Ala handia da) oihupean. Hori baino latzagoa da “Sirian egiten diguzuena egingo dizuegu” oihukatzea.
129 hildako eta 319 zauritutako utzi zituen Pariseko atentatuak. Hori ez dago oso urrun “zibilizaturiko” lurraldeek Siria, Palestina, Irak, Afganistan, Nigeria…bezalako lurraldeetan egiten dugunetik. Lurralde haietan, egunero hiltzen dira Paris bezalako 129 pertsona. Errugabeak denak. Haurrak, gizonak, emakumeak… egunero hilak. Haien errua? Han bizitzea.
Zer egingo genuke Paris, Londres edota Madrilen egunero 129 gizaki hilko balira? Norainoko erantzuna emateko gai izango ginateke? Petroliorik ez balego tarteko, berdin erantzungo genuke? Haien herriak babestu nahi ditugu edota gupidarik gabe masakratzen ditugu? Ematen du mendeku erantzuna logikoa dela halakoetan, baina horrek ez du arazoa larritu besterik egiten.
Zer egin? Zaila da erantzuna. Agian zer ez egin jakitea, asko litzateke. Izugarrikeria gelditu bai, baina horretarako zibilak , pertsona errugabeak hil gabe. Nola ordea? Horretarako gastatzen da ba tonaka euro defentsan, ezta?
Eraginkortasun gehiago eska diezaiegun egiteko hori dagokienei!!! Arma gehiago ez saldu, ezta sortzea ere, bada beste bide bat. Gure hipokresiarekin bukatzea den bezala. Halakoak egiteko arrazoiak, zentzuzkoak eta zentzugabeak dira.
Jar dezagun ba arreta arrazoi zentzudunetan. Gure agintariek mendekua defendatzen badute (demokraziaren izenean gainera), honek ez du irtenbiderik. Nor da hemen zarpaila? Parisko hiltzaileak ala Siria bonbardatzen dutenak?
Parisko atentatua kondenatzea bezalakoa behar du izan egunero ehundaka eta milaka errefuxiatu sortzen dituen Ekialde Ertaina kondenatzea.