Etxarrik irabazi eta Lagun Arteak galdu

Guaixe 2015ko aza. 30a, 11:52

Lakuntzarrak punturik gabe etorri ziren Oibarretik.

Preferente maila. 12. jardunaldia: Etxarri 4 – Aurrera 3 / Aibares 1 – Lagun Artea 0

Etxarrik eta Aurrerak lehia estua izan zuten San Donato zelaian. Lehen zatian hiru gol aukera izan zituen Aurrerak, eta bitan asmatu zuen. Hortaz, 0 eta 2 galtzen zihoala iritsi zen Etxarri atsedenaldira. Bigarren zatian goitik behera aldatu zen guztia. Etxarri partida irabaztera atera zen eta berehala iritsi zen lehen gola, Xabatek jokaldi ederrean sartu zuena. Etxarrik gol aukera gehiago sortu zituen eta atzera ere Xabatek kontrako atean asmatu zuen, bina berdinduz. Baina Aurrera ez zen lokartu eta 2 eta 3 aurreratzea lortu zuen, urrutiko jaurtiketa baten ondoren. Etxarri behin eta berriz saiatu zen eta azkenean Urkiak hirura berdintzea lortu zuen. Festa borobiltzeko Saezek Etxarriren gola sartu zuen, garaipenarena.

Oibarren, aldiz, 1 eta 0 galdu zuen Lagun Arteak. Lehen zatian Aibaresek dominatu zuen gehiago, eta nahiz eta hainbat gol aukera izan, huts egin zuten. Baina 31. minutuan Enekok 1 eta 0 aurreratu zuen Aibares. Bigarren zatian Oibarkoek baloiaren kontrola izan zuten eta lakuntzarrak nahikoa lan izan zuten defendatzen. Aibaresek gol aukera gehiago izan zituen, baina ez zuen asmatu. Lagun Arteak ere baloi bat eskuadrara bidali zuen eta hortik aurrera berdintzen saiatu zen behin eta berriz, baina oibartarren defentsak aukera guztiak zapuztu zituen eta punturik gabe etorri ziren lakuntzarrak.

Etxarri Aranatzek eusten dio lidergoari (27 puntu), Garesi bi puntu aterata. Lagun Artea 9.a da sailkapenean (16 puntu). Asteburuan sailkapenean 10.a den Urroztarra izango du arerio Etxarri Aranatzek, eta Lagun Arteak sailkapenean seigarrena den Infanzones taldea hartuko du.