Binakakoa: Zubieta Irribarriarekin eta Ezkurdia Barriolarekin. Zabaleta ez da arituko

Guaixe 2015ko abe. 2a, 09:37

Larunbatean Ezkurdia-Barriola Artola-Albisuren kontra ariko dira eta astelehenean Irribarria-Zubieta Irujo-Rezustaren kontra

Atzo aurkeztu zuten 2016eko Binakako Pilota Txapelketa, Zumaiako Zelai talaso-hotelean. Sorpresarik handiena Mikel Urrutikoetxearena izan zen. Lau t´erdiko txapeldunak atzelari postuan jokatuko du, Aimar Olaizolarekin batera. Jakina da Asegarce atzelariz nahiko justu dagoela –gogoratu aurreko urtean Aitor Zubieta etxarriarra Asegarcerekin aritu zela, utzita–, eta apustua egin du Bilboko enpresak, Urrutikoetxea aurrelaria atzelari moduan jartzea. Piperra emango dio txapelketari.

Sakandarrak
Gainontzeko bikoteetan, ez dago sorpresa aipagarririk. Olaizola II.a-Urrutikoetxeaz aparte, Artola-Albisu, Bengoetxea VI.a-Untoria eta Berasaluze II.a-Beroiz dira Asegarcek txapelketara aurkeztu dituen bikoteak. Aspek, aldiz, Irujo-Rezusta, Ezkurdia-Barriola, Irribarria-Zubieta eta Altuna III.a-Merino II.a aurkeztu ditu. Aipagarriena Zabaletaren falta da. Etxarrengo pilotaria oraindik ez da lesioaz eta ebakuntzaz behar bezala osatu eta atzelariak ezingo du aurtengo Binakakoan aritu, pena handiz. Aspe azken unera arte egon da Zabaletaren bueltaren esperoan, baina azkenean Barriolak hartu du bere tokia. Leitzarrak Joseba Ezkurdia arbizuarrarekin osatuko du bikoa. Abelek esperientzia jarriko du, eta txapelketara une gozoetan iritsi den Josebak, kolpe bikaina.
Bestalde, azken hilabetean ezkerreko orpazurdan arazoak izan eta gero, lesioaz osatu da Aitor Zubieta eta Binakakoan arituko da 2015eko edizioan Berasaluzerekin finalera iritsi zen etxarriarra. Kasu honetan, Binakakoan debutatuko duen Iker Irribarria gaztea izango du bikote. Zubieta txapeldunordearen esperientzia ezinbestekoa izango da 19 urte dituen eta profesional moduan soilik 9 hilabete daramatzan Irribarriarekin biko sendoa osatzeko.

Txapelketako lehen faseak 14 jardunaldi izango ditu, eta finalerdietarako ligaxkak hiru. Finala apiribilaren 10ean jokatuko dela aurreikusten da. Antolatzaileek adierazi dutenez, ez da atzerapenik egongo, eta finalerako ordezkapenak arautzea erabaki dute. Pilotari batek ezingo balu jokatu, finalerdietako ligaxkan hobekien bukatu duen bere enpresako pilotariak ordezkatuko luke. Finalerdietan enpresa horretako beste bikoterik ez balego, lehen ligaxkako sailkapenaren arabera zehaztuko litzateke ordezkoa. Bestalde, Kepa Peñagarikano pilotari ohiak ordezkatuko du Juan Mari Juaristi pilota hautatzaile lanetan.

Asteburuan lehen jardunaldia
Txapelketa asteburuan hasiko da. Larunbatean, Tolosan, Ezkurdia-Barriolak Artola-Albisu izango dituzte aurkari Tolosan, 17:00etan (ETB1, ntb). Astelehenean, Eibarren, Irujo-Rezustaren kontra aritu beharko dute Irribarriak eta Aitor Zubietak, 17:00etan (ETB1, ntb).