Nazabalek, Mariñelarenak eta Matak jaso dute errekonozimendua

Guaixe 2015ko abe. 2a, 13:43

Nafarroako Gobernuaren Kirol Merituari domina jaso du Eduvigis Mata irurtzundarrak eta Ohorezko Aipamena Floren Nazabalek eta Alex Mariñelarenak

Nafarroako Gobernuak urtero Kirol Merituari Zilarrezko Dominak eta Ohorezko Aipamenak ematen ditu, kirolaren alorrean lana egiten duten kirolariak eta sustatzaileak omentzeko. Aurten 17 zilarrezko domina eta lau ohorezko aipamen egin ditu Nafarroako Gobernuak, gaur, abenduaren 2an, Nafarroako Egunaren inguruan Nafarroako Jauregian antolatutako ekitaldiaren barruan. Nafarroako presidente Uxue Barcos, Nafarroako parlamentuko presidente Ainhoa Aznarez eta Nafarroako Kirol Institutuko presidente Ruben Goñi izan dira ekitaldian.

Kirol Merituari errekonozimendua egiteko banatu diren 17 dominen artean bat Sakanara ekarri du Eduvigis Mata Leonek. Matak 33 urte daramatza Irurtzunen pilota sustatzen eta lan horri aitortza egin nahi dio Nafarroako Gobernuak. Bestalde, Nafarroako lau Ohorezko Aipamen egin ditu, eta horietako bi bi kirolari sakandarrendako izan dira: aurten erretiroa hartu duen Floren Nazabal Leitza aizkolari etxarriar handiak eta Alex Mariñelarena Mutiloa pilotuak. Uxue Barcos presidenteak omendutako guztiak zoriondu ditu, eta kirolari eskaini dioten denbora eta talentua aitortu die. Floren Nazabali ohorezko izendapena “bere bizitza guztiari kirolari eskaini izateagatik” izan dela azaldu du presidenteak, “horren gurea den kirol bati, gainera”. Bestalde, Alex Mariñelarenari “ezbeharrak gainditzeko izan duen jarrera bikaina” aitortu dio Barcos presidenteak “guztiok harrotasunez bete gaituena”.

2014ko otsailean Munduko Motoziklismo Txapelketako Moto2 mailan aritzeko Paul Ricard zirkuituan Tech3 eskuderia frantziarrarekin entrenatzen ari zela istripu gogorra izan zuen Mariñelarenak. Errekuperazio luzea izan du, baina medikuek gomendatuta motoan lehiatzeari utzi dio Mariñelarenak, lehian aritzeko ezgaitasuna duela esan baitiote. Istripu txikiena izanda ere, horrek kalte larriak eragin diezazkioke eta horren aurrean motoziklismoa utzi behar izan du. Bestalde, Nazabalek agur esan behar izan dio bere ibilbideari, disko-herniak sortzen dizkion arazoengatik. Bere palmares zabalean Euskal Herriko maila nagusiko 6 txapela ditu, Nafarroako lehen mailako 9 txapela, Nafarroako Bikotekako 8 txapela, Banakako Urrezko Aizkolarien 9 txapela eta Bikotekako Urrezko Aizkolarien 3 txapela. Euren kirol ibilbideari agurra esan dioten honetan omenaldi polita jaso dute gaur Iruñean.