Euskaraz produktuak oparitzeko laguntza katalogoa

Guaixe 2015ko abe. 11a, 13:45

Euskal Herriko 140 toki erakundeetako euskara zerbitzuek sustatzen dute Euskarazko Produktuen Katalogoa, Sakanako Mankomunitatea barne. 18. edizioa karrikaratu dute, 120.000 ale, Euskal Herri guztian barna banatu direnak. Katalogo berrituak gurasoendako eta 12 urte bitarteko haur eta gazteendako ehunka erreferentzia biltzen ditu, eguberri garaia seme-alabei edo ingurukoei euskarazko produktuak erosi eta oparitzeko aukera paregabea dela kontuan izanda. Katalogoak zazpi sail ditu: musika, liburuak, aldizkariak, DVD filmak, jostailu eta jokoak, komikiak eta gurasoendako produktuak.

www.katalogoa.eus web orri berrituan katalogoa urte guztian kontsultatu daiteke telefono mugikorretatik, tabletetatik eta ordenagailuetatik. Paperean jasotako produktuez aparte, merkatuan aurki daitezkeen euskarazko beste produktu asko agertzen dira. Idazle, musikari, filmegileekin egindako elkarrizketak, haien inguruko albisteak, nobedadeak, iritziak, ikusi eta irakurtzeko aukera izango duzu webgune berrituan. Aukera dago, gainera, argitaletxearen denda birtualera iristeko produktuaren gainean klik eginez eta, nahi izatera, begiz jotako produktuaren erosketa etxetik egiteko. Argitaletxeek eurek eguneratzen dute web gunea.