Txartelarekin landetxera edo kanpinera

Guaixe 2015ko abe. 11a, 07:55

BeleixeGuaixe txartela hiru establezimendutan erabili eta haien zigiluak jasota landa etxe edota kanpin baterako egonaldiak irabazi daitezke.

Gaur egun Sakanako 80 establezimendutan baino gehiagotan lortu daitezke abantailak BeleixeGuaixe txartela erakutsita. Erosketa egiterakoan deskontuak, kontsumizioaren zati bat opari jasotzea eta bestelakoak dira establezimendu horiek eskaintzen dutena. Urte guztian. Eguberri aurretik txartela erabiltzen dutenek, gainera, bi sari ederren  zozketa batean sartzeko aukera izanen dute: Nekatur, Euskadiko Nekazalturismo eta Landetxeen elkarteko kideren baten egoitzan edota Artazako kanpinean bi lagunendako egonaldi bana.

Zozketa horretan parte hartu nahi dutenek Guaixe astekariaren lehen orrian argitaratu den iragarkia moztu behar dute (Guaixeren Twitter eta Facebook bidez ere zabaldu dira). BeleixeGuaixe txartelarekin erosketa egiten dutenean establezimenduko arduradunak bere zigilua jartzeko eskatu behar dute. Hiru zigilu lortu arte. Egindakoan txartela Bierrik fundazioaren bulegora ekarri behar da (Altsasuko Foru plaza 23, 1.), abenduaren 22a baino lehen. Izan ere, egun horretan, eguerdian zozketa eginen da.

BeleixeGuaixe txartela dutenei lehiaketan parte hartzeko gonbitea luzatu die Bierrik fundazioak. Sakanan erosketak eginez ibarreko ekonomia biziberritzen delako eta, aldi berean, herriak biziz betetzen direlako. Txartela ez dutenek, urtean 50 euroko ekarpena eginez makina bat abantaila eskuratzeko aukera izanen dutela ere gogorarazi dute fundaziotik.