Ezkurdia eta Barriola lanera

Guaixe 2015ko abe. 11a, 09:19

Altuna III.a eta Merino II.a izango dituzte aurkari gaur Donostian

Binakako 2. jardunaldia
Ostiralean: Ezkurdia-Barriola / Altuna III.a-Merino II.a (Donostian, 20:00etan, ETB1, ntb)
Larunbatean: Bengoetxea VI.a-Untoria / Irujo-Rezusta (Iruñean, 18:00etan, ETB1, ntb)
Igandean: Olaizola II.a-Urrutikoetxea /Artola-Albisu (Urretxun, 17:00etan. ETB1, ntb)
Astelehenean: Berasaluze II.a-Beroiz / Irribarria-Zubieta (Tolosan, 16:30ean)

Binakako Txapelketako 2. Jardunaldia jokatuko da asteburuan. Gaur Joseba Ezkurdia eta Abel Barriola sartuko dira lehian. Altuna III.a eta Merino II.a izango dituzte aurkari Atano III.ean, 20:00etan hasiko den jaialdian. Barriolak gaur Berria egunkarian adierazi duenez, “ilusio handia egiten dit Joseba Ezkurdiarekin jokatzeak. Oso gustura nago berarekin. Harreman ona dugu, eta gustatzen zaizkit halako pilotariak. Oso langilea da, saiatua… Dohain guztiak ditu izarra izateko, eta niretzat, puntakoa da, baina saltotxo txiki bat falta zaio Irujo, Olaizola II.a eta horiek harrapatzeko. Baina emango du, eta txapelketa honetan ez bada, hurrengoan izango da. Nahiko nuke saltotxo hori nirekin jokatzen emango balu”.

Zubieta eta Irribarria astelehenean
Astelehenean Berasaluze II.aren eta Beroizen kontra ariko dira Irribarria eta Zubieta Tolosako Beotibarren. Atzo egin zuten material aukeraketa. Irribarriak azaldu duenez “gure materiala beraiena baino biziagoa da, biok kolpe bortzitzekoak baikara. Pablitok eta Mikelek zakarragoak aukeratu dituzte”. 19 urteko Aramako aurrelariaren iritziz “denak izango dira partida gogorrak, txapelketan ez dago norgehiagoka errazik. Pablito pilotari artista da eta denak sartzen bazaizkio latza izango da. Guk egurra eman behar dugu atzean eta aukera dugunean pilota abiaduraz astindu, tantoa amaitzeko”.