Preferente mailan jardunaldi borobila: Etxarrik eta Lagun Arteak irabazi

Guaixe 2015ko abe. 14a, 09:16
Lagun Arteak denboraldiko partidarik onena jokatu zuen atzo Lakuntzan.

Preferente maila. 13. jardunaldia: Urroztarra 1 – Etxarri Aranatz 2 / Lagun Artea 3 – Infanzones 0

Urrotzen jokatutako partidan, irabaztera atera zen Urroztarra, baina Etxarrik ongi baino hobeto jakin izan zuen etxeko taldea gelditzen. Nolanahi ere, Urroztarra izan zen markagailuan aurreratu zena. Baina bigarren zatian Etxarrik buelta eman zion egoerari. Tarte laburrean bi gol sartu zituzten Jauregik eta Goikoetxeak. Urroztarra berdinketa lortzen saiatu zen, baina etxarriarren defentsa sendoak bere asmoak zapuztu zituen, eta liderra beste hiru punturekin itzuli zen etxera.

Bestalde, Lakuntzan geratu ziren Lagun Arteak eta Infanzonesek jokoan zituzten hiru puntuak. Lakuntzarrek denboraldiko orain arteko partidarik onena jokatu zuten. Partida guztian barna nagusi izan zen Lagun Artea. Talde txuriak serio jokatu zuen. 16. minutuan Sergiok aurreratu zuen Lagun. Bigarren zatiko lehen minutuetan Infanzonesek arrisku pittin bat sortu zuen Lagunen atean, baina berehala agintea hartu zuten lakuntzarrek. Xabik eta Asierrek sartutako beste bi golekin, azkenean 3 eta 0 gailendu zen Lagun Artea.

Etxarri Aranatzek jarraitzen du preferente mailako lider (30 puntu). Bi puntura dago Gares. Lagun Artea 8. postura igo da (19 puntu). Asteburuan sailkapenean hirugarrena den Arrotxapea izango du aurkari Etxarrik eta sailkapenean bigarrena den Garesen kontra ariko da Lagun Artea. Lakuntzarrek irabaziz gero, fabore ederra egingo liokete Etxarri liderrari.