Lehen garaipena Ezkurdia-Barriolarendako

Guaixe 2015ko abe. 14a, 11:43

Ezkurdia eta Merino, Andra Maria Zuria Torneoa irabazi zutenean. Ostiralean bikain aritu ziren biak, baina puntua arbizuarrak eskuratu zuen.

19 tantotan utzi zituzten Altuna III.a eta Merino II.a

Joseba Ezkurdiak eta Abel Barriolak Binakako lehen puntua lortu zuten ostiralean Donostian, Atano III.ean Altuna III.ari eta Merino II.ari 22 eta 19 irabazi eta gero. Partida oso lehiatuan, Ezkurdia eta Barriola egon ziren aurretik markagailuan. 8 eta 0 aurreratu ziren, baina atzeko koadroetan Merino gailentzen hasi zen eta 17 eta 18 aurreratzea lortu zuten Altunak eta Merinok. Bukaera ikusgarrian, pilota guztiak izugarri borrokatuta, azkenean 22 eta 19 gailendu ziren Ezkurdia eta Barriola. Sufritzen jakin zuten nafarrek eta bukaeran bere aldera eman zuten partida.


Zubieta gaur lanera
Gaur, astelehenean, Berasaluze II.a ordezkatuko duen Dani Elezkanoren eta Beroizen kontra ariko dira Irribarria eta Zubieta Tolosako Beotibarren, 17:00etan hasiko den jaialdian. Irribarriak azaldu duenez “gure materiala beraiena baino biziagoa da, biok kolpe bortzitzekoak baikara. Pablitok eta Mikelek zakarragoak aukeratu dituzte”. 19 urteko Aramako aurrelariaren iritziz “denak izango dira partida gogorrak, txapelketan ez dago norgehiagoka errazik. Guk egurra eman behar dugu atzean eta aukera dugunean pilota abiaduraz astindu, tantoa amaitzeko”. Bi bikoteak punturik gabe daude eta lehen puntua lortu nahi dute. Hortaz, Binakako partida guztiak bezala, lehia konplikatua izanen da.

Txapelketako hirugarren jardunaldian, Ezkurdiak eta Barriolak Irujo eta Rezusta izanen dituzte arerio, eta Bengoetxea VI.aren eta Untoriaren kontra aritu beharko dute Irribarriak eta Zubietak.

Binakako 3. jardunaldia
Olaizola II.a-Urrutikoetxea / Altuna III.a-Merino II.a (larunbatean, 18:00etan, Labriten. ETB1, ntb)
Ezkurdia-Barriola / Irujo-Rezusta
Berasaluze II.a-Beroiz / Artola-Albisu ( igandean, Oiartzunen, 17:00etan. ETB1, ntb).
Bengoetxea VI.a-Untoria / Irribarria-Zubieta (asteartean, 18:00etan, Arrasaten).