Nafarroako Euskararen legea aldatzeko prozesua elkarlanean egitea proposatu du euskalgintzak

Guaixe 2015ko abe. 15a, 12:32
Paul Bilbao eta Nafarroako euskalgintzako kideak izan dira gaurko agerraldian.

Gaur Nafarroako Euskararen Legeak 29 urte beteko dituela oinarri hartuta, Kontseiluak, bere bazkideen Nafarroako ordezkariek lagunduta agerraldia egin du Nafarroako Parlamentuan. Bertan, legeari buruzko gogoetak luzatu dizkio Nafarroako Gobernuari, Paul Bilbaok, idazkari nagusiak. Legea aldatzea, euskalgintzarekin elkarlanean aritzea eta behar diren baliabideak eskaintzea eskatu dizkio Gobernuari eta legearen aldaketa prozesuan laguntza eta lan egiteko gogoa eta kemena eskaini dizkio.

Hainbat gertakariren errepaso laburra eginez hasi du agerraldia Bilbaok. Nafarroako Euskararen Legearen aurrean euskalgintzak izan duen jarrera irmoa aipatu du eta hori 29 urte luze hauetan hainbat ekimenen bitartez erakutsi duela gaineratu du, “manifestazioak antolatuz, 50.000 sinadura bilduz lege berri baten alde edo Anaitasuna euskaraz bizitzeko aldarriarekin betez, besteak beste”.

Horren aurrean, ordea, “milaka eta milaka lagun mobilizatu arren urte hauetan guztietan Nafarroako Gobernua ezin gaindituzko horma izan da, eta, are gehiago, legeak izan lezakeen garapenik urriena gauzatu da azken urteotan”.

2015eko udaberrian, aldiz, Nafarroako aldaketa politikorako zein sozialerako inoiz ez bezalako aukera mamitzen ari zen Nafarroan eta hori gorpuztu zedin Nafarroako euskalgintzak sendo lan egin zuen nafar guztion hizkuntza-eskubideak legean jasoko lituzkeen gobernu bat osa zedin. Horretarako, Kontseiluak 4 zutabetan oinarritutako 13 proposamen aurkeztu  zizkien Nafarroako alderdi politikoei, bere egin zitzaten proposamenok eta hauteskunde programetara eraman. 
2015eko apirilaren 25ean milaka euskaltzalek bete egin zuten Anaitasuna, 13 proposamenekin bat eginez, eta Nafarroako Euskararen Legeak eraikitako nafarren arteko horma behin betikoz eraisteko aukera arnasteko.

Zer esanik ez dago, han bildutakoen botoak erabakigarri suertatu ziren maiatzaren 24ko hauteskundeetan. Horiei eta beste askori esker  gauzatu ahal izan zen gaur agintean dugun gobernu berri hau: azkenik, Euskararen Legea alda zezakeen gobernua.

“Atzean utzi ditugu jada Nafarroako Gobernuaren lehendabiziko 100 egunak, eta tarte honetan euskalgintzak ez du berezko adierazpenik egin, jakitun baikara gobernu berri bat sustraitzeak eta lantalde berriak osatzeak dituen zailtasunak zein diren”, esan du Kontseiluko eledunak.

Gainera, eginkizun konplikatu horretan laguntzearren Nafarroako euskalgintza Nafarroako Gobernuarekin bildu zen irailaren 28an eta 13 proposamenetan aurrera egiteko erabateko laguntza eskaini zitzaion Gobernuko eleduna eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko harremanetarako Kontseilari den Ana Ollori eta Euskarabideko arduraduna den Mikel Arregiri.

“Harrezkeroztik ez gara egonean egon, eta lanean aritu gara. Erne jarraitu eta aztertu ditugu bai adostutako Programa Akordioa eta baita lehen erabaki zuzenak ere. Horietako batzuk itxaropen handiz hartu ditugu eta beste batzuk nolabaiteko kezkaz: Euskarabidearen osaketa, D  ereduko lerro berri batzuen irekiera, Nafarroako Kontseilua indartzearen proposamena,  LEP berria irakaskuntzan, Euskararen Legearen inguruko adostasunik eza gobernuko lau alderdien artean…”

Ondoren, hiru puntuz osatutako adierazpena irakurri du Bilbaok:

    •    Nafarroako Euskararen legea: Jakin badakigu oraingo gobernua oso sentikorra dela gai honekiko eta pausoz pauso abiatu beharra dagoela legearen aldaketa. Prestatzen ari den erregelamendu berria bide horretako lehen pausua besterik izanen ez delakoan,  nafar guztion eskubidearen aldeko  gure jarrera  tinkoa eta argia adierazi nahi dugu eta legealdi honetan legearen aldaketa abiaraziko dela uste osoa daukagula.  Era berean, Nafarroako  herria aldaketaren alde dagoela sinesten dugu, eta gure erronka izanen da gizarteak duen aldaketarako gogoa argi eta garbi  azaltzea, Nafarroako Gobernuak konfiantza osoz burutu dezan lan legegilea. Euskalgintzaren erronka ere badelako erakustea gizartearen gehiengoa euskararen alde dagoela, eta inondik ere ez dela zilegi nahastea nafar guztiek izan behar dituzten hizkuntza-eskubideak  balizko inposizioekin. Euskalgintzaren lana  izanen da gizartea kontzientziatzea eta mobilizatzea ere, eskubide horien urraketaz ohartarazteko eta lege aldaketaren beharra agerian paratzeko. Horretarako, Nafarroako euskalgintzak eta Nafarroako Gobernuak eskutik joan behar dute bien lana eraginkorragoa gertatu dadin. Horregatik, gaur, abenduaren 15a honetan lege aldaketaren beharra aldarrikatuko dugu, eta heldu den urteko 30. urteurrenaren harira kanpaina eraginkor eta erabakigarri bat aldarrikatu dugu legearen aldaketa arintzeko eta Nafarroako Gobernuak egin beharreko lana ziurtasun osoz garatzen hasteko. Zer esanik ez, legealdiko 3. eta 4. urteetan, aldaketaren aldeko lana sakonduko dugu, harik eta lege aldaketa gauzatzen den arte.

    •    Nafarroako Euskararen Kontseilua:  Aurreko puntuan Nafarroako Gobernua eta euskalgintza batera aritzeko komenigarritasunaz aritu gara, eta, zalantzarik gabe, Nafarroako Euskararen Kontseilua izan liteke elkarlan hori garatzeko tokirik aproposena. Horregatik, Euskararen Kontseiluko erabilera eraginkor bat proposatzen dugu, non euskalgintzan aritzen diren kolektibo guztiek parte hartzeko aukera izanen duten, dela osoko bilkuran, dela lan batzordeetan. Orain da unea euskalgintza eta gobernua erabakitzeko ahalmena duen mahai baten inguruan elkarren ondoan eserita egoteko. Foro horretan bertan lan genezake, hasteko, euskararen erregelamendu berria, eta gerora legea aldatzeko eman beharreko urrats guztiak.  Hori dela eta, Nafarroako Euskararen Kontseiluak berez izaten dituen batzordeez gain, Euskalgintzaren 13 proposamenak landuko dituzten behar adina lan batzorde sortzea proposatzen da.

    •    Baliabideak eta aurrekontua: Azkenik, baliabide duinak behar dira euskararen aldeko hizkuntza-politika eraginkorra aurrera eramateko. Euskalgintzak pairatu izan duen azken urteotako mespretxua alde batera  utziko dela ez dugu dudarik,  baina horretaz haratago benetan aurrekontu duina behar da behar bezalako hizkuntza-politika bat  egin ahal izateko. Horregatik, Nafarroako Gobernuaren aurrekontu osoaren %2 eskatzen dugu;  betiere, bestelako behar sozialak ahaztu gabe.