Sakanako herri kirolarien festa ederra Etxarrenen

Guaixe 2015ko abe. 15a, 13:32
Herri kirol festa polita izan zen Etxarrengoa. Argazkiak: Mank-eko kirol zerbitzua.

Aizkolariak, harri jasotzaileak, trontzalariak eta sokatiratzaileak aritu ziren Sakanako Herri Kirol Jardunaldian

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak urtero Gabonen aurretik SAkanako Herri Kirol Jardunaldia antolatzen du, Sakanako herri kirolarien festa. Sakanako Aizkora Eskolako aizkolariek, Sakanako aizkolariek, Sakanako harri jasotze eskolako kirolariek, Sakanako trontzalariek eta Sakanako tiratzaileek erakustaldi ederra egiten dute. Igandean Etxarrengo Aranburu frontoiak hartu zuen aurtengo ekitaldia, eta giro bikaina izan zen.

Aizkora lanean Josu Agirre, Mikel Agirre, David Amillano, pista txirrindulari profesionala den Hodei Mazkiaran, Joan Flores, Abel Uria, Julen Paniagua eta Iker Gorriti aritu ziren, aizkora eskolakoak, eta baita Goizeder Beltza eta Juanjo Erdozia aizkolariak ere. Horretaz gain, Erdozia familiako hiru belaunaldi ikusi genituen lanean: Juanito aitona, Juanjo aita eta Jon semea. Aizkolari gaztetxoetan Josu Jaka, Oihan Mariñelarena, Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide igo ziren enbor gainera.

Sokatiran, Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastolako Sokatira Taldekoek lehia ederra izan zuten; 20 tiratzaile aritu ziren guztira. Harriak jasotzen, aldiz, Sakanako Harri jasotze eskolako Albaro Zugarrondo, Iñaki Ibero eta Aitor Oiarbide ibili ziren. Trontzalariak ere lanean aritu ziren Etxarrenen, Andra Mari ikastolako hiru bikote eta Iñigo Aritza ikastolako bikote bat.

Sakanako Herri Kirol Jardunaldiaren balorazio polita egin du Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak. “Aizkora eta harrijasotze eskolako partaideak eta gainontzeko eskualdeko herri kirolariak biltzen dituen jardunaldia da gurea. Batzuen lehiak eta besteen erakusketak ederki erakutsi zuten zein den herri kirolen osasuna Sakanan. 40 kirolari inguru aritu ziren lanean, Etxarrenen bildutakoen gozamenerako. Esate baterako, erdoziatarrek aizkolarien 3 belaunaldiren (aitona, aita eta semea) erakusketarekin ederki goza arazi zuten”.