Olentzero maitea,
Zer moduz zaude? Eta zure astoa? Beltxak, nire txakurrak, txakurkumeak izan zituen lehengo egunean, baina oraindik ezin izan ditut ikusi; aitak ekarri dizkidan argazkietan bakarrik. Oso politak dira. Nahi duzu bat?
Ni ongi nago. Badakizu ikastolako lagunek bidali dizkidaten marrazki guztiak horman itsasi ditudala ?! Maribik, ur-poltsa txintxilikatzera etortzen den aldiro, esaten dit ikusi duen logelarik politena dela.
Zuk noizbait ikusi duzu tortilla urdina? Nik hemen bakarrik. Afaltzeko ekartzen didaten aldiro goragalea sartzen zait. Beno, eta purea dagoenean ere bai. Amatxo pixka bat haserretzen da, baina berehala pasatzen zaio. Orain hobeto dago, baina batzutan, gauetan, ni lotan nagoela uste duenean negarrez hasten da. Pena handia ematen dit amatxok. Horregatik, goragaleak izan arren, tortilla urdin zatitxo bat jaten saiatzen naiz, bera pozik jartzeko.
Aurten gauza bat bakarrik eskatu nahi dizut. Maria bigarren solairuko emakume zaharrena da, kamisoi berdea daramana eta bigotean nik buruan baino ile gehiago dituena, berehala ezagutuko duzu. Beti bere semea du buruan, baina etxetik oso urrun omen dago eta ez diote bere ama ikusten uzten. Maria gero eta okerrago dago, eta asteartea geroztik ez du hitz egiten. Begiak zabalik izan arren, lotan balego bezala dago. Horregatik, eskatu nahi dizudana da Mariaren semea bigarren solairuko 236 gelara ekartzea, denbora tartetxo batez bada ere. Medikuek diote ez-dakit-zer duela, baina nik badakit bere semeagatik dela. Egin ahalko duzu? Eta bide batez, pasa nire gelatik, bale? Izeba Margarik ekarritako bonboi bat emango dizut probatzeko.
Eskerrik asko Olentzero.