Mendigoizaleen Eguna etzi

Guaixe 2015ko abe. 18a, 13:17
Aurten ez da elurrik egongo.

51. Mendigoizale Eguna ospatuko da igandean Aralarren

Gabonen aurreko igandean urtero moduan, Aralarko Santutegiak igandean Mendigoizale Eguna hartuko du. Mendizaleek gorriz markatuta duten zita da hau, besteak beste hildako mendizaleak oroitu, mendi klubetako gainontzeko mendizaleekin elkartu eta egun polita pasatzen dutelako. 1964. urtean urte horretan hildako hiru mendizale gogoratzeko ekitaldia egin zen Aralarren eta hortik aurrera urtero errepikatu izan da. Hortaz, aurtengoa mendizaleen festaren 51. edizioa izango da.

Meza 10:45ean eta auzatea 12:00etan
Mendizale gehienak oinez joango dira Aralarrera. Gehienak Uharte Arakilgo bidetik joango dira, baina Sakanako Mendizaleak taldetik Lakuntzatik abiatzeko deia egin dute, eta egongo da Madotzetik, Lizarrustitik eta Lekunberri aldetik joko duenik. Behin Aralarren, hildako mendizaleen oroimenezko meza izanen da 10:45ean. Elizkizunetan Lekunberriko abesbatzak kantatuko du. Mendizaleek euren mendi materiala bedeinkatzeko aukera izango dute eta, jakina, Mikel Goiaingeruari musu emateko aukera. 12:00etan hamaiketakoaren txanda izango da, trikitixa eta pandero doinuekin girotutakoa, eta kanta eta dantzen tartea helduko da. Auzatea santutegiko tabernak prestatuko du. Mendizale asko eta asko bazkaltzera bilduko dira, bai San Migelen eta baita Nafarroako beste hainbat txokotan ere.

Egun polita izaten da Mendigoizale Eguna, Nafarroako mendizale guztien bilgune, joandakoak oroitzeko eta aspaldiko mendizaleak ikusteko eguna. Gainera, urte bukaera ospatzeko modua ere bada. Nafarroako Mendi Federazioak herritar guztiei igandean Aralarren biltzeko gonbita egin die eta giro polita espero da Aralarren.

Aralarren bi meza
Mikel Goiengeruaren Kofradiatik adierazi digutenez, Mendigoizaleen eguna dela eta bi elizkizun izanen dira igandean Aralarren. Mendigoizaleena 10:45ean izanen da, eta iganderoko ohiko meza, aldiz, 12:30ean. Bide batez, Kofradiak Eguberri eta Urte Berri on bat opa die Guaixeko irakurle guztiei.

Egitaraua
8:30ean: Aralarko San Migelera igoera, klub bakoitzak aukeratu duten bidetik abiatuta.
10:45ean: Meza Aralarko Santutegian.
11:30ean: Hamaiketakoa.
13:00etan: Festa bukaera.
* Trikitixa eta panderoaren doinuek festa girotuko dute.