Gobernuak Plan Estrategikorako 250.000 euro aurreikusi ditu

Guaixe 2015ko abe. 17a, 13:17

Manu Aierdi Ekonomia Lehendakari-ordeak Nafarroako Parlamentuan jakinarazi duenez, Nafarroako Gobernuaren 2016ko aurrekontuetan Sakanako Plan Estrategikoa (SPE) garatzeko 250.000 euro bideratuko dira. Aierdi jakinarazi duenez, Sakanako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak heldu den asteazkenean elkartuko dira. Bilera horretan SPE garatzeko hitzarmena izanen dute hizpide. Han jasotako akzioak zehaztu, neurgailuak ezarri eta gobernantza eredua erabakiko dute. Aierdik aurreratu duenez, bi aldeak proposamenak trukatzen ari dira. Sakanako eragileek SPE garatzeko 7 milioi euro inguru beharko lituzkete 2020ra arte. Heldu den urterako 600.000 euro nahi lituzkete.

PSNko Guzman Migel Garmendia Perezek Sakanako ekonomiaren gaia Nafarroako Parlamentura eraman du eta hari erantzunez jakinarazi du Aierdik bilerarena. Garmendiak Gobernuari SPErako dirua eta akonpainamendua eskatu du. Plana sortzeko elkarlana goraipatu du ere. Geroa Baiko Unai Uhalde Iglesiasek SPE aurrera eramateko parte hartu duten pertsona guztien jarrera nabarmendu du, “interes orokorra guztiaren aurretik jarri zutelako”. EH Bilduko Asun Fernandez de Garaialde Lazkano Salak, berriz, denen arteko behetik gorako elkarlanaren ereduaren defentsa egin du. “Kanpo laguntza eta inposaketarik ez” aldarrikatuz.

Podemos-Ahal Duguko Carlos Couso Chamarrok egoera okerraren aurrean Sakanak protestekin eta lanarekin erantzun zuela azpimarratu du. “SPE funtzionatu dezan ahal den guztia egiteko” eskatu dio gobernuari. PPko Ana Beltran Villalbak 2013ko apirilean popularrek aurkeztutako eta Parlamentuak onartu zuen mozio batean ikusi du SPEren ernamuina. I-Eko Migel Nuin Morenok planari babesa azaldu dio eta hura garatzeko konpromisoa adierazi du.