Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak saria jaso du

Guaixe 2015ko abe. 19a, 10:08

Altsasuko, Olatzagutiako eta Ziordiako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparraren eskutik Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Kalitatearen Saria jaso zuen ostiralean. Gobernuak eta Tomás y Lydia Recari García fundazioa dira saria ematen duten erakundeak. Mankomunitateko koordinatzaile Arantxa Erbitik jaso zuen saria.

Pertsona erabiltzaileentzako arreta mailako saria jaso du Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, SEI elkartearekin partekatu duena. Gure burua zaintzen ikas dezagun besteak zaintzeko izeneko proiektuagatik jaso dute burundarrek saria.

Kohesio sozialaren zaindari eta bermatzaile diren kolektibo ijito-portugaldarreko emakumeendako da programa saritua. Taldeak higiene-ohiturei eta bizi osasungarriko ohiturak sustatzeari (elikaduran eta ariketa fisikoan oinarrituta) buruzko saioetan parte hartu dute, harreman sozial positibo eta osasungarrien tailer batean eta igeriketako ikastaro batean. Helburua da, informazioaren eta prestakuntzaren bidez, pertsonek beren zaintza, harreman eta jarduerei buruz iritzia eman eta erabaki dezaten, bizitza askatasun handiagoarekin kudeatuz.