Burunda mendebaldean enpleguaren inguruko proiektu pilotua indarrean jarriko da

Guaixe 2015ko abe. 18a, 08:20

Langabezian luze daramaten pertsonek enplegua lortu eta mantentzeko gaitasunak lantzeko proiektua Nafarroako Gobernuak sustatu du bertako eragileekin elkarlanean.

Gizarte Errealitatearen Behatokiak antolatutako jardunaldian Easi proiektu pilotua aurkeztuko du Iruñean gaur goizean. Gizarte Eskubideen Departamentuak bulkatu duen proiektu hori gizarte politikak eraberritu eta berritu nahi ditu. Horretarako, gizarte zerbitzuen eta enplegu zerbitzuaren arteko lotura estua sustatuko du. Izan ere, helburuetako bat langabezian dauden pertsonen harretarako eta aktibazioarako eredu berria diseinatzea eta probatzea da.

Proiektu pilotu hori Tuteran eta Burunda mendebaldean, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordian, jarriko da martxan. Horregatik, gaurko aurkezpenean Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buru Francisco Javier Paz Miño izanen da. Harekin batera, Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezek eta Sakanako Garapen Agentziako Aintzane Iriberri Berrostegietak Sakanako Plan Estrategikoaren berri emanen dute.

Proiektua 2016ko udan hasi eta 2019ko udan despedituko da. Martxan den bitartean Nafarroako beste herri batzuekin konparatuko dute, proiektu pilotuek esperotako emaitzak lortu eta balio duten jakiteko.

500 pertsona
Easi proiektuak berez honako izena du: gizartean sartzeko eskubidea indartzea zerbitzu integrazioaren bidez. Tutera eta Burunda mendebaldean politika sozialeko “esperimentua” eginen dute 500 pertsonekin (400 bat tuterar eta 100 bat burundar). Haiek aukeratzeko makina bat irizpide hartuko dituzte kontuan.

Gizarte bazterketa egoeran egon daitezkeen pertsona horiei gizarte zerbitzuek eta enplegu zerbitzuak prestazio integratua eskainiko diete. Horretarako, Gizartean Barneratzeko Errentaren (GBE) erreforma pilotua eginen da. Proiektuak enplegu politika aktiboen planifikaziorako mekanismo berria sortu nahi du tokiko eragile publiko eta pribatuak kide dituela. Emaitza positiboak Nafarroa guztian ezartzeko balioko lukete. Europako Batasuneko deialdi batean aurkeztu berri dute.

Departamentuak Tutera eta Burunda mendebaldea honako arrazoiengatik aukeratu ditu: iraupen luzeko langabezia tasa altuak dituzte; pobrezia eta bazterketa arriskua handitu delako; Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren laguntzen kopurua murriztea; GBE hartzaileen kopurua handitzea; prestakuntza eskaintzaren doikuntza falta eta gizarte zerbitzuen eta enplegu zerbitzuen elkarlana aski ez izatea.


Bost epeko lana
Lana bost urratsetan eginen da. Lehenik zerbitzuak integratu eginen dira. Bederatzi hilabete emanen dituzte prestatzen eta bi urte indarrean jartzen. Hori aurrera eramateko Burunda mendebaldean bi kudeatzaile aurreikusi dira. Parte-hartzaileei dagokionez, lehen fase pilotuan 10 burundar langabeturekin ariko dira lanean (lehen hiru hilabeteak). Proiektua hasi eta urtera, urte eta erdira eta bi urtera 30na langabetu burundar sartuko dira. Guztira 100 bat egin arte.

Ondoren, GBEren erreforma eginen da (bederatzi hilabete prestatzen eta bi urte indarrean jartzen). Horrek tokiko enplegu politika aktiboen planifikazioari emanen dio bidea (epe berak). Ebidentziak eraiki ondoren (bederatzi hilabete prestatzen, 19 hilabete indarrean jartzen eta zortzi ebaluatzeko), lana jakintzaren transferentziarekin despedituko da (zortzi hilabete prestatzeko, 20 indarrean jartzeko eta zortzi ondorioak jaso eta zabaltzeko).



Helburuak
Langabezian dagoen pertsonen harretarako eta aktibazioarako eredu berria diseinatzea eta probatzea.
GBEren erreforma potentzialak identifikatzea eta probatzea.
Tokiko enplegu politika aktiboak planifikatzeko sistema berria garatzea eta indarrean jartzea.
Enpleagarritasuna eta enplegurako sarbidea hobetzea.
Probaldiko emaitzen neurketan oinarrituta “ebidentzia” sendoak sortzea.
Ikasgaiak eta aholkuak atera.



Aurrera eramanen dute
Gizarte Eskubideen Departamentua da proiektuaren buru. Harekin batera ariko dira Nafarroako Enplegu Zerbitzua, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Tuterako Udala eta Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea. Parte hartuko duten beste erakundeak dira: Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa; Erriberako Enpresarien Elkartea, Sakanako Enpresarien Elkartea, Gurutze Gorria, Anafe, CCOO, LAB, Eder partzuergoa eta Sakanako Garapen Agentzia. Finantziazioan lagunduko dute Nafarroako Kutxa eta La Caixa fundazioek.