Sustrai Colina Iturmendiko eta Urdiaingo ikasleekin

Guaixe 2015ko abe. 21a, 17:19
Sustrai Colina Arrano Beltza eskolan Iturmendiko eta Urdiaingo eskolako ikasleekin elkartu zen.

Abenduaren 9an Sustrai Colina bertsolari lapurtarra Iturmendiko Arrano Beltza Eskola Publikora etorri zen. Iturmendiko eta Urdiaingo LH 4., 5. eta 6. mailako ikasleei bere H gabe liburuari buruz hitz egin zien.

Urdiaingo ikasleak oinez etorri ziren egin zuen eguraldi ona zela eta. Eskolan denak elkartu ziren eta Colinari harrera egin zioten. Saio batez ikasleek nahi zituzten galdera guztiak egiteko aukera izan zuten, bertsolariak gogo onez erantzun zielarik. Ikasleek liburu bat idazteak suposatzen duen lana eta denboraz jabetzeko aukera izan zuten eta idazlea aurrez aurre ezagutzeak dakartzan onura guztiak ezagutu ahal izan zituzten.  Jarraian, Urdiaingo ikasleek Colinari bertso batzuk eskaini zizkioten eta berak, esker onez, beste bertso batekin erantzun zien.

Bertso saiotxoa bukatu ondoren, ikasleek euren liburuak sinatzeko eskatu zioten eta gehiengoek poz-pozik liburua etxera firmatuta eraman zuten.

Bisitari amaiera emateko, Iturmendiko haurrek bertsolari famatua elkarrizketatu zuten beraiek sortzen duten Beti Handi aldizkarian argitaratzeko.

Goiza ondo bukatzeko, Urdiaingo eta Iturmendiko ikasleek elkarrekin jolasteko aukera izan zuten eta haien arteko harremanak sortu eta sendotzeko aukera paregabea izan zen.

Ekintza hau Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren eta Euskal Idazleen Elkartearen elkarlana eta  laguntzari esker burutu ahal izan da. Horrela, gure  ikastetxeek ikasleei euskal literaturaz ikasi eta gozatzeko aukera eman diete. Irakurzaletasuna sustatzeko lagungarri izan den ekintza bat izan da, bide batez, ikasleei literaturaz gozatzeko bidea emanez. Euskal literatura erakusteaz gain, ikasleak gozatzen ere ikusi ditugu.