Etxarrik lidergoa galdu du eta Lagun Arteak postu bat egin du behera

Guaixe 2015ko abe. 21a, 12:52

Etxarrik lidergoa galdu du. Gares da lider berria.

Preferente maila. 14. jardunaldia: Arrotxapea 1 – Etxarri 0 / Gares 2 – Lagun Artea 0

Azkenaldiko jardunaldi bikainen ondoren, asteburu honetan sufritzea tokatu zaie preferente mailan dabiltzan talde sakandarrei. Etxarri Aranatzek lidergoa galdu du, Arrotxapearen kontra 1 eta 0 galdu eta gero. Hasieratik partida oso lehiatua izan zen. Lehen zatian Arrotxapea jokoa gidatzen saiatu zen eta jokaldi ederrak sortu zituen, baina Etxarrik ongi egin zion aurre eta kontraeraso arriskutsuak sortzen ahalegindu zen. Partida berdinketarekin bukatuko zela zirudienean, Arrotxapeak gola sartu zuen. Etxarri berdintzen saiatu zen, baina Arrotxapeak ongi defendatu zuen eta hiru puntuak Iruñean geratu ziren.

Garesen, herriko taldeak 2 eta 0 irabazi zion Lagun Arteari. Lehen zatian ez zen dominatzaile argirik egon eta ez zen apenas aparteko gol aukerarik egon. Bigarren zatian Gorraizek aurreratu zuen Gares 53. minutuan. Lakuntzarrak erasora pasa ziren eta Gares ederki estutu zuten, bandetatik Garesen atera iritsiz, baina baloia ez zen sartzen. Aldiz, kontraeraso batean Garesek bigarren gola sartu zuen eta horrela despeditu zen partida.

Hain zuzen ere, Gares da preferente mailako lider berria (31 puntu). Etxarri Aranatz bigarrena da, puntu batera. Lagun Artea bederatzigarrena da (19 puntu). Hurrengo jardunaldia ilbeltzaren 9an eta 10ean jokatuko da. Etxarri Aranatzek sailkapenean zazpigarrena den Aibares taldea hartuko du San Donato zelaian, eta Lagun Arteak sailkapenean 13.a den Castillo de Tiebasen kontra jokatuko du Zelai Berrin.