Mendigoizale egun eguzkitsua

Guaixe 2015ko abe. 21a, 13:49

Jende asko bildu zen Aralarren, Nafarroako mendizaleen egun handian

Gabonetako bezperetan baina udaberriko tenperaturekin ospatu zen aurtengo Mendigoizale Eguna igandean Aralarren. 51. edizio honetan mendizalez bete zen santutegia. Mendizale gehienek oinez jo zuten, Uharte Arakildik, Lakuntzatik, Iribasetik edo Madotzetik, baina autobusetan hurbildu zirenak ere asko izan ziren.

Festa 1964. urtean hasi zen ospatzen, urte horretan zendutako hiru mendizale –Jesus Ganuza, Emilio Castiella eta Javier Ardanaz– omentzeko. Urte horretan meza egin zen Aralarren hiru mendizale horien alde eta jende asko hurbildu zen bertara. Orduan, urtero mendizaleen oroimeneko festa egitea erabaki zen, Gabonen aurreko igandean.

Mendizaleendako egun kuttuna da, joandako mendizaleak oroitzeko eta beste klubetako aspaldiko lagun mendizaleekin biltzeko eguna. Eta baita ere urtea despeditzeko egun ederra. Aurreko hiru urtetan bezala, Anaitasuna klubak antolatu zuen eguna. 10:45ean hasi zen hildako mendizaleen oroimenezko meza, Mikel Garciandiak emandakoa. Mendizaleen materiala bedeinkatu zuen apaizak. Lekunberriko abesbatzak kantatu zuen eta ohorezko aurreskua dantzatu zen bertan. Ramon Arratibel “Rayo” lixarrengotarrak bizia mendian utzitako mendizaleen aldeko poema irakurri zen. Bukaeran, Aralarko Mikel aingerua gurtu zuten bildutakoek. Garciandiak nabarmendu zuenez, “mendizaleak santutegiko ezinbesteko zati bat dira”.

Santutegiko aterpean mendizaleen inguruko erakusketa prestatu zuten. Garai bateko argazkiak, artikuluak eta beste bete zituzten. Juan Mari Feliu izan zen festa honetako sustatzaileetako bat eta festak jarraitzea da bere nahietako bat. Izan ere, mendi klubetako kide gehienak beteranoak dira. “Garrantzitsua da anaitasuneko festa honek jarraipena izatea eta belaunaldi berriak festaren antolaketan eta parte hartzean sartzen joan daitezela” nabarmendu zuen Feliuk.

Hamaiketakoa eta dantzak
Mezaren ondoren hamaiketako bikaina eskaini zuten mendizaleek, trikitixa eta pandero doinuek goxotu zutena. Aralarko tabernako ardura hartu berri duten Mikel eta Miren Zulailak prestatu zuten auzatea, eta denetatik zegoen: salda, patata tortilla, txistorra, haragia, kroketak… Casa Salinasek ardo dastapena eskaini zuen. 500 pertsonendako auzatea prestatu zen, eta dena bukatu zen. Ondoren, dantzatzera animatu ziren mendizale asko.