Aspaldi publizitatean Gabonak heldu direla iragartzen dabiltza. Gabonetan publizitatearen indarra ikaragarrizkoa da,eta, zoritxarrez, sexuen hezkuntzan ez digute asko laguntzen. Emakume eta gizonen munduak erabat kontrakoak agertzen zaizkigu, emakumeentzat mundu arrosa bultzatuz eta gizonezkoentzat, aldiz, urdina.Gaurkoan etxeko txikientzat bultzatzen dizkiguten ereduak aztertuko ditut.
Arratsalde bat telebista parean eseri, inguruko komertzioak aztertu eta gehiegi pentsatu gabe edonork asmatu dezake zein jostailu bideratzen diren neskendako eta zein mutilendako.Horrela, txikitatik bi mundu ezberdinetakoak izango bagina bezala ikustera behartzen gaituzte, neskendako eta mutilendako jostailu ezberdinak iragarriz. Neska eta mutil izateko forma ugari daude eta horrelako mezuek gure izateko erak mugatzen dituzte. Zergatik mutil bati ezin zaizkio zaintzara bideratuta dauden jostailuak oparitu? Zeinek asmatu du eraikuntzako jolasetan neskak ez direla trebeak?
Eta bidaltzen dizkiguten mezuei ez badiegu jaramonik egiten? Neskak horrelakoak dira eta mutilak bestelakoak bezalako mezuak zapuzten baditugu eta mutil eta neska izateko era ezberdinak begiratzen hasiko bagina, jostailuak sexurik gabe begiratzea lortuko genuke. Horrela, jostailuak ez neskekin ez mutilekin ez erlazionatzean, etxeko txikiak askoz gauza gehiagorekin disfrutatzera animatuko genituzke. Jostailu bakoitzak abilezi ezberdinak bultzatzen ditu, eta gurasoen esku dago erabakitzea zein abilezi bultzatu nahi dituen beraien seme-alabengan, bizitzarako ahalik eta abilezi gehiago edukiz autonomoagoak eta aberatsagoak garela jakinda.