Zazpi hilabete egin ditu Nafar Gobernu berriak. Nafarroa Garaian gobernu aldaketa eman da, baina “Vascuence”-aren legeak indarrean jarraitzen du, are gehiago, jarraituko du, eta euskaldunon hizkuntza eskubideen zonifikazioa ez da epe motzean desagertuko. Hala ere, gobernu berriak agintera iritsi denetik azkartasunez jokatzen jakin duela onartu beharra dago, gai honetan behintzat. Hizkuntza politikan sakoneko aldaketarik eragin gabe, Euskararen Lege berri bat egiteko prozesurik abian jartzeko asmorik erakutsi gabe, eta aurreko legegintzaldi bukaeran onartu ziren hainbat neurri baliatuz, euskaltzale askok aldarrikatzen genuen aldaketa irudikatzeko gaitasuna demostratu baitigu: D eredua, Euskalerria irratiari lizentzia, diru-laguntzak, etab.
Aipatutako keinuak garrantzitsuak izan dira oso, urteetan administrazioen laguntzarik gabe euskaldunok zeharkatzen aritu garen erdararen basamortuaren erdian, oasi bat topatu baitugu. Baina kontua da, hilabete hauetan egindako horretatik harago, ez dagoela euskaraz bizitzea posible egin dezakeen eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuko dizkigun Euskararen Lege berri bat ardatz izango duen hizkuntza politika bultzatzeko asmorik.
Bi aukera ditugu: Euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuko dizkigun lege berri baten babespean bidea egiten hastea, eta eskubide horiek guztiak urratzen dizkigun eta edozein neurri bermatzaileren aplikapenerako galga izango den “Vascuence”aren legepean bidea egiten jarraitzea.
“Vascuence”aren legeak 29 urte bete berri ditu. Euskaldunok aukera paregabea dugu urrats berri bat aurrera eraman eta pairatzen dugun lege arrotz eta diskriminatzailearen indargabetzea erdiesteko; hizkuntza politika eragingarri propioa aldarrikatzearekin batera, Euskararen Lege berriaren oinarria jartzen hasteko.
Guztion artean, “aldaketa” edukiz betetzeko garaia da. “Aldaketaren Gobernua” izenarekin bere burua izendatzen duen gobernuari, erroko aldaketak exijitzeko garaia.
Ekin diezaiogun!