Sakanak eta Nafarroako Gobernuak plan estrategikoa mahai gainean

Guaixe 2015ko abe. 23a, 17:13

Aldeak gaur arratsaldean elkartuko dira planaren finantzabideak eta gobernantza eredua zehazteko

Sakana 2020 Plan Estrategikoa (SPE) aurrera eramateko ibarreko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak elkartu dira gaur. Bi aldeek euren konpromisoak eta zereginak lankidetza hitzarmen bat zehazteko lana izanen dute. SPE lan tresna izanik Sakanako egoerari modu orokor eta partekatu batean erantzutea ahalbidetuko duen hitzarmena landuko dute.

SPE gauzatzeko zazpi milioi euro inguru aurreikusten dira; 2016rako 600.000 euro aurreikusten ziren. Nafarroako Gobernuko Ekonomia lehendakari-orde Manu Aierdik pasa den ostegunean jakinarazi zuen aurrekontuetan 250.000 euro bideratuko direla.
Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Karasatorre Muguruzak jakinarazi digunez, “bide orria zehaztuta daukagu. Planean jasotako guztia tarifatuta dugu”. Beraz, negoziazioan dirua zein jarduerari, ekimen bakoitzeko zein diru-sail izanen duen, noiz eta bestelako erabakiak hartuko dituzte. Sakanatik proposamenarekin joanen dira (behean).

Karasatorrek espero du negoziazioak azkar garatzea. “Nafarroako Gobernuaren aurrekontuak otsailerako indarrean izanen dira . Ez dakigu horren zain gelditu beharko dugun edo diru-sailen bat lehenago jasotzerik izanen dugun”. Mank-eko buruak SPEn jasotako beste jarduera batzuk ohiko deialdi edo bestelako diru-sailekin finantzatzeko aukera ez du baztertu.

Ordezkariak
Sakanatik bilerara Aitor Karasatorre (Mank-eko presidentea), Joseba Garmendia (Sakantzen Sarea), Iker Manterola (Sakanako Garapen Agentzia) eta Marcos Erro (Lege aholkularia) joanen dira. Gobernua Maitena Ezkutarik (Turismo eta Merkataritza zuzendari nagusia) eta Izaskun Goñik (Ekonomia Politika, Enpresa eta Lan zuzendari nagusia) ordezkatuko dute.

Aipatu beharra dago gaur iluntzean Sakanako Mankomunitateak batzarra izanen duela eta han Sakanako Garapen Agentziako administrazio kontseiluaren osaketarako proposamena aztertuko duela. Hura onartuz gero, bera izanen da Nafarroako Gobernuarekin SPEri buruzko negoziaketekin segituko duena. Bai gaurko ibarreko ordezkaritza baita azaroaren 18ko bileran izandakoa behin behinekoa izan baitira.


2016an SPEtik landu daitekeena
1. Industria
· Sakanako industria-ehunaren behar eta gaitasunak aztertzen segitu.
· Eskualdearen indarguneak zabaltzeko Marketing Plana.
· Industrialdeen inbentario eta hobetzeko proiektuarekin segitzea.
· Prestakuntza, kooperazioa, nazioartekotzea eta enpresa-berrikuntza sustatzea.
· Utzugane eskualde garapenerako topagune gisa indartu.
· Sektore foroak identifikatu eta cluster programa sortu.
· Hezkuntza eta industria arloen arteko kudeaketa parte-hartzailea.
· Enpresa-inkubagailu edo enpresa-mintegi proiektuek ikerketa eta diseinua.

2. Energia
· Administrazioan energia arloko sentsibilizazio eta kontzientziatze kanpainarekin segi eta industriara zabaldu.
· Sakanako udalerrietako Alkateen Pakturako bide-orria diseinatzea.
· Egitasmo berde, biomasa, argiteria publiko eraginkor, mikro-sare eta bestelakoetan enpresei eta udalei aholkularitza eman.
· Energia-pobreziaren programaren diseinua.

3. Turismoa
· Eskualdeko turismo eta kulturaren kudeaketa eta aholkularitza indartzea.
· On-line tresnak, irudi arlokoa, kartelak, planoak, merchandaisinga sortu eta bultzatzea.
· Turismo produktuen inbentarioa sortzea. Turismo eragileen artean natura eta kultura ondareari buruzko produktuen zabalkundea egin. Turismo Planaren definizioa zehaztu.
· Erromatar galtzadaren eta hura ondoren Done Jakue bide gisa izandako erabileraren ikerketa historiko zientifikoa.
· Enneco, haritzaren memoria egitasmoa bulkatu.

4. Elikadura.
· Eskualdeko produktuak, ekologikoak eta kalitatezkoak kontsumitzearen onuren berri emanen duten prestakuntza ea sentsibilizazio jardunaldiak.
· Merkaturatze tresna berrien inguruan ekoizleak trebatu.
· Abeltzainen edota ekoizleen foroa sortu.
· Ustiapenen eta tokiko elikadura sistemen jasangarritasunean hobetzeko aholkularitza eta akonpainamendua.
· Turismo erakunde, jatetxe, denda eta abarren arteko sinergiak bilatzea.



2015ean SPEtik landu dena
Aurten bi lan ildo aurreikusi ziren: batetik, SPEren kudeaketarekin zerikusia zuten ekimenak garatu dira eta, bestetik, proiektu zehatzak definitu eta indarrean jarri dira.

Garapen egituraren artikulazioa
· SPE instituzio eta erakunde autonomoei aurkeztu zien. Hasita.
· Plana gauzatzeko elkarlan eta finantzazio markoak identifikatu dira. Hasita.
· Sakanako Sozio-ekonomia Behatokia elkarlan publiko-pribaturako eta estrategia hausnarketarako plataforma gisa bulkatu da. Hasita.
· Sakanako Garapen Zentroa, Utzugane, egituratu eta indartu. Hasita.
· Udalen eta Sakanako Enpresarien Elkartearen arteko foroa sortu da enpresak mantentzeko eta berriak sortzeko. Planifikatuta.
· Prestakuntza ikastaroetarako eta enpresetan praktikak egiteko, Lanbide Heziketa ikastetxearen eta eskualdeko ekoizpen ehunaren arteko elkarlanari bultzada. Hasita.
· Cluster politiken eta enpresen arteko elkarlanaren inguruko informazioa eta prestakuntza zabaltzea. Planifikatuta.
· Nafarroako Hiri Txikien Plan Zuzendaria egiteko eskaera egin da.

Elikadura
· Herri lurren kudeaketa plana egin. Hasita.
· Sakanan ekoiztutako produktuen erakusgaiak egin. Planifikatuta.
· Turismo, jatetxe, denda elkarteen arteko sinergiak. Hasita.
· Sakanako abeltzain eta ekoizleen foroaren sorrerari bulkada eman. Planifikatuta.

Industria eta Zerbitzuak
· Industrialdeen egoeraren eta okupazio mailari buruzko ikerketa egin; lurren, industria orubeen kalifikazio inbentarioa. Hasita.
· Industria inbentarioa eta ekoizpen-, teknika- eta teknologia-gaitasunen mapa egin. Hasita.
· Enpresen arteko artikulazioa hobetzeko eta tokiko enpresek eman ditzaketen zerbitzuak aztertu eta identifikatzea. Hasita.
· Ideien garapenerako co-working gunea sortzea. Planifikatuta.

Energia
· Energia ekoizpenerako biomasaren erabilera sustatzeko akzioak sortzea. Hasita.
· Ibarreko Energia Baliabideen bideragarritasun ikerketa. Hasita.
· Energia berriztagarrien erabileraren eta energia kudeaketa eraginkor baten abantailen onurak eta ontasunak kanpainen bidez gizartean zabaltzeko interakzioen sustapena. Hasita.

Turismoa
· Dauden ekitaldien indartzea eta artikulazioa. Hasita.
· Kartel, plano eta bestelakoak sortzea. Planifikatuta.
· Turismo informazio puntuen programa sortu. Hasita.
· Ondarea baliatuz produktuak sortzea. Hasita.
· Bordele-Astorga erromatar galtzadari, Baskoien bideari, balioa eman. Hasita.
· Ibilbideen sistematizazioa eta sustapena. Hasita.
· Kultura, historia edo kirol intereseko elementuen seinaleztapena aztertzea. Planifikatuta.
· Merchandaising-a sortzea. Hasita.