Amiantoak kaltetutakoak elkarte nafarrerantz

Guaixe 2015ko abe. 24a, 08:15

Duela bi asteko bilera elkartutako sakandarretako batzuk.

Helburu horrekin pausoak ematen ari dira hainbat sakandar. 20 bat izan ziren hilaren 11n jarritako deialdiari erantzun ziotenak. Euskal Autonomia Elkarteko amiantoak kaltetutakoak biltzen dituen Asvimiae elkarteko Jesus Uzkudunek antolakuntzari buruzko hainbat argibide eman zizkien. Aldi berean, Asvimiaek sakandarrak ilbeltzaren 15ean eginen duen batzarrera gonbidatu ditu. Uzkudunek, hala ere, argitu digu diru-laguntzak jaso edo beste edozertarako elkartea Nafarroan legeztatzea ezinbestekoa dela.

Amiantoak eragindako gaitzen ondorioei elkarrekin aurre eginda helburuak lortzeko aukera gehiago izanen dituztela uste dute elkartearen sustatzaileek. Uzkudunek bileran gaztigatu zuenez, amiantoa erabili duten enpresek hura erabili duten langileen zerrendak osatu behar dute. “Batzuetan ez da betetzen edo ez dira amiantoarekin lan egin duten langile guztiak agertzen. Beraz, norbera arduratu behar da zerrenda horretan dagoela ziurtatzeaz. Horrek gaitzak justifikatzen laguntzen du”. Horretarako, Lan Osasunerako Institutura jo beharra dago. Uzkudunek gaztigatu zuenez, “lanetik eratorritako gaitzek ez dute epe mugarik” eta bere senarraren lanerako jantziak garbituz gaixotutako 81 urteko emakumearen adibidea jarri zuen.

Filma
Ilbeltzaren 22an, Altsasuko Gure Etxea eraikinean La plaza de la música filma proiektatuko dute. Juan Migel Rodriguezek zuzendu duen filma horretan amiantoari lotutako munduan barnako hainbat istorio jasotzen dira.