Guaixe fundazioa; izen berria, egiteko bera

Guaixe 2015ko abe. 23a, 08:35

Sakanan euskarazko hedabideak sustatzen dituen erakundeak izena aldatu du, Bierrik fundaziotik Guaixe fundaziora.

Astelehenaz geroztik Sakanan euskarazko hedabideak sustatzen dituen fundazioak Guaixe izena du, Guaixe fundazioa. Erakundeak argitaratzen duen astekariaren izen bera, Guaixe, hartu du bere eginkizuna zein den argi azaltzeko. Izan ere, Guaixe astekariaren eguneroko kudeaketan makina bat tramite egin behar dira, bai administrazioen aurrean, bai hornitzaileekin, bai enpresa edo establezimenduekin… eta aurretik zegoen izenak nahasmena eragiten zien bati baino gehiagori.

Horregatik, fundazioko patronatuak izena aldatzea erabaki zuen. Hala, 1994tik Sakanan euskarazko hedabideen sustapenarekin identifikatu den izena, Bierrik, erabiltzeari utziko diogu. Lehenik Bierrik elkartea izan zen. 2008an elkartea egitura juridikoa aldatu eta Bierrik fundazioa izatera pasa zen. Orain, identifikazio hobea izateko, fundazioak izena aldatu eta Guaixe fundazioa izena hartu du.