Urteko azken egunak: agur eta ongi etorri

Guaixe 2015ko abe. 31a, 09:46

Urteko azken egunetan gaude, Gabon bezperan. Gaur Olentzero etorriko da, senitartekoak eta lagunak afari eta bazkari berezietan bilduko dira eta, zergatik ez, parranda egingo duenik ere ez da faltako. Jakina, opariek ere izango dute bere tartea. Gabon edo Pazko zoriontsuak opatzeko egunak dira hauek. Eta, jakina, ate joka dagoen 2016ari ongi etorria ematekoak. “Urte berri on” izango da, abenduaren 31n eta ilbeltzaren 1ean, ezinbesteko esaldia. Baina urteko lehen egunari lotutako esaldi, edo, hobeto esanda, kanta ederra badaukagu gurean: Ur goiena, ur barrena…  

2016an sartu berritan: Ur goiena, ur barrena…
Abenduaren 31n, urtea despeditu bezain pronto, 2016 urteari ongi etorria emango diogu Sakanan. Herri askotan Ur goiena, ur barrena… kantatuz eta iturrietako urte berriko lehendabiziko ura edanez emango diote ongi etorria urteari. Irañetan, Arruazun, Lizarragabengoan, Etxarri Aranatzen, Iturmendin eta Urdiainen mantentzen da iturriko ur berria jaso, ura edan edan eta Ur goiena, ur barrena kantua kantatzeko ohitura. Bestalde, Altsasun urteko azken egunean gaztainak eta ardoa banatuko dituzte Gure Etxean.