Urtea galtzen hasi du Etxarrik eta irabazten Lagun Arteak

Guaixe 2016ko urt. 11a, 11:26
Lagun Arteak Castillo Tiebas dominatu zuen.

Preferente maila. 15. jardunaldia: Etxarri Aranatz 1 – Aibares 2 / Lagun Artea 4 – Castillo Tiebas 0

Gabonetako oporren ondoren preferente mailako ligari ekin diote gure taldeek. Etxarrik galdu egin zuen, etxean, Aibares taldearen kontra, 1 eta 2. Denboraldi honetan etxean galtzen duen lehen partida izan zen asteburukoa. Hala ere, Etxarri dominatzen hasi zen. 15. minutuan Xabatek gola sartu zuen, penaltiz. Bigarren zatian Aibares ongi aritu zen. Etxarrik aukera onak alperrik galdu zituen, eta partida bukaeran kanpokoek buelta eman zioten markagailuari. Chaverriri eta Ion Irigoieni esker 1 eta 2 irabazi zuen Aibaresek.  

Aldiz, lakuntzarrek gol festa ederrarekin hasi zuten urtea, Castillo Tiebasen kontra gailendu eta gero. Hasieratik bukaerara agindu zuen Lagun Arteak. Pityk 8. minuturako gola sartu zuen, eta Salgadok beste bi gol sartu zituen atsedenaldia baino lehen. Horrela, lehen zatian ia guztiz erabakita gelditu zen partida. Bigarren zatian Lagun Arteak dominatzen jarraitu zuen eta Enekok laugarren eta azken gola sartu zuen.

Sailkapen orokorrean Gares da liderra (34 puntu). Etxarri Aranatz hirugarrena da (30 puntu). Lagun Artea zortzigarrena da (22 puntu). Asteburuan Etxarri Aranatzek Infanzones hartuko du eta Lagun Arteak Bidezarra.