Urte berriaren oihartzuna oraindik isildu gabe dagoenez, Sakanako jubilatu eta pentsionista guztiei urte berri on. Urte berri oparoa izan dezagula. Ez dakit nahi izatea nahikoa den urtean zehar lortu nahi duguna lortzeko, beharbada ez, baina, nahiak behintzat, ez dezala hutsik egin.
Dena den, bada urte oparoa zapuzteko ahaleginetan dabilenik. Ez dira lasaigarriak urte zahar bezperan iritsi zitzaizkigun berriak. Gobernuak temati jarraitzen du berearekin eta lotsagarria izan arren eta krisitik ateratzen ari garela esan arren, gure pentsioak %0,25 bakarrik igoko dira, hau da, hilabeteko 2 edo 3€ gehiago. LOTSAGARRIA.
Behin eta berriz kexu agertu ginen irizpide honekin, gure pentsioendako kaltegarria izango zela ikusten genuen, eta hala izan da. Ez ginen isildu, saiatu ginen bere denboran jubilatuen nahigabea kaleratu eta erabaki anker honi aurre egiten, baina ez genuen agintariek biguntzeko adina erantzunik jaso. Hortaz gure konformismoak ere izan dezake zer ikusirik.
Hala ere, urte berri honi baikor begiratzeko arrazoirik badago. Jubilatuen arloan gero eta mugimendu gehiago ikusten da: gure eskubideak aldarrikatzeko prest dagoen jubilatu kopurua igotzen ari da, gure antolakuntza gorpuzten ari da, Euskal Herrian herrialde ezberdinetako taldeak elkarlanean hasi gara, martxan ezarri diren asmo eta proposamen interesgarriak baditugu. Proposamen hauek zehazteko aukerarik ez zait gelditzen gaur, hurrengoan aurkeztu beharko ditut, baina zuen laguntza eta babesa izan nahiko genuke.
Behartu dezagun urte berria guretako ONA izaten. Urte berri on.