Ilusioa

Oihane Andueza Imirizaldu 2016ko urt. 15a, 08:00

Gabonak pasa berri direla atzera egiten dut begirada eta hitz batez laburtu beharko banitu egun horiek, ilusioa esango nuke. Umeak Olentzerok eta erregeek ekarriko dituzten oparien zain, beste batzuk urrutiko familia ikusteko desiotan, besteak urte berriak zer opa dien irrika bizian, beste hainbat loteria tokatzeko amorraturik…

Jakin badakit goiko lerroetan ikono edota estereotipoetan guztiz erori naizela eta seguru asko kristau kutsuan ere, baina nahiz eta egia osoa ez izan, modu partzial batean betetzen delakoan eskua sutan jarriko nuke.

Gabonak pasa dira eta zer? Loteria ez zaigu tokatu eta oparietako batzuk aldatu ditugu, familia eta lagunak ikusi ditugu eta alde egin dute. Zorroa ederki beterik eta kilo pare bat gehiagorekin agur gure ilusio guztia 2016ko abendura arte. Umeen Olentzerorekiko lilura eta maitasun horrek dirau oraindik.

Duela zazpi bat urte inauterietan maitagarriz mozorrotu nintzen neronek egindako jantzi batekin. Soinean gona lila eta distiratsua eta kamiseta arrosa bati josita, kotoiez egindako hegalak; eskuan barita bat, orkidea baten loreontzitik hartutako egurrezko makila berde fin bat, puntan kartulina arrosa eta purpurinaz egindako izarra zuela. Maitagarri nahiko “kaxeroa”, beti ere maitagarri.

Egoerak ogia erostera mozorrotua joatera eraman ninduen. Eguerdiko ordu biak ziren eta sei bat pertsona baginen errenkadan zain. Ni zeharka begira aldeetara jende ezaguna ez topatzeko desiotan, lotsatu antza.
Nire txanda iritsi zenean ezaguna nuen ogi saltzailea txantxetan hasi zen, “desio bat eska diezazuket?” “Noski!” nik, esan orduko damuturik. Hori entzun bezain laster beste bi ogi saltzaileak hurbildu eta haiek ere desioa eskatu nahi zutela, beraz, goizean umeekin egin nuen bezala araoa bota nien banan-banan: “eguzkiaren beroa, haizearen abiadura, lurraren boterea eta uraren indarrak zure desioa betetzen lagun zaitzala!” eta purpurina eta kartulina arrosaz egindako izar baritarekin kolpetxoa ematen nion kaskoan. “Hori bai, desioa betetzea nahi baduzu, oheratu aurretik gogora ekar ezazu”. Horrela hirutan, ogi saltzaile banakin eta lotsak eta egoeraren surrealismoak jota parrez lehertzen atera nintzen okindegitik.

Handik aste batera ogia erostera berriro joan eta hara nire sorpresa bertan zeuden hiru saltzaileetako bik desioa bete zitzaiela esan zidatenean! Irrikak, ilusioak bete ninduen momentuan.

Hirugarrenarekin kalean topo egin nuen eta lehenengo gauza galdetu nion: “bete al zitzaizun desioa?” “Ez, badakizu zergatik? Gauean gogoratzea ahaztu zitzaidalako.”

Mantendu dezagun irrika, ilusioa gainontzeko urtean ere. Umeek hala egiten dute eta gu baino zoriontsuagoak direla esatera ausartuko nintzateke. Olentzerok, loteriak, turroiak, aspaldiko lagun eta familiartekoez gain, guk ere badugu  ilusioa izan eta desioak betetzeko gaitasuna. Mozorroa jantzi eta sinestea besterik ez dugu egin behar.