Osasun mentalaren definizioan “ingurugiroarekin egokitzapena” “oreka mentala”, “barne eta kanpoko gatazkei irtenbide zuzena emateko gaitasuna” eta antzeko hitz eta esaldiak topatzen ditugu. Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez, “ez soilik gaitzik edo urritasunik eza, baizik eta osoko ongizate sozialaren, mentalaren eta fisikoaren edukiera” da osasun mentala.
Osasun mentalak berezko gaixotasunak ditu, denek ezagutzen ditugu, inguruko pertsonek pairatzen dituztelako edo liburu edo pelikuletan ikusita. Uste dugun baino pertsona gehiagok pairatzen dituzte gaixotasun mentalak gure gizartean, era askotakoak gainera: depresioak, fobiak, menpekotasunak (jokoa, drogak, erosketak, janariarekin zerikusia dutenak...), paranoiak, eskizofreniak…
Sergio Saldaña 40 urteko gazte nafarrak “Tengo trastorno bipolar” liburua idatzi zuen orain hiru urte. Bertan, oso modu arinean eta era ulergarrian bere historia kontatzen digu, gaixotasunari lotuta dauden bere bizipenak, inongo dramatismorik gabe, gaixotasunari nola egin dion aurre urte guzti hauetan, familia, lagunak, umore aldaketak, botikak, ospitaleak eta abar.
Azaltzen duenez, bere prozesuan faltan hartu zuen informazioa izatea, gaitza berbera zuten pertsonen bizipenen informazioa, eta hori izan zen liburu hau idazteko arrazoietako bat, hutsune bat betetzeko eta beste norbaitentzat erabilgarria izan dadin, bai gaixo bai ingurukoentzat. Berak 20 urterekin irakurri nahi izango zukeen liburua idatzi duela dio. Lortu nahi duena ere, nolabait, gaitza desmitifikatzea da, eta duen estigma kentzea; gizartean ez da gehiegi buruko gaixotasunez hitz egiten, tabu antzeko bat da, ez dago normalizaziorik.
Oso erraz irakurtzen den liburua da, 76 orrikoa, hitz potolorik erabiltzen ez duena, denentzat ulergarria dena eta gaixotasunera hurbiltzeko modu ona. Erosi edo bestela herriko liburutegietan ere badugu liburu hau. Sergiok ere blog bat du eta gai ugari jorratzen ditu bertan.