Nanoipuinak sortzeko gonbitea

Guaixe 2016ko urt. 14a, 12:53

Lehiaketan euskaltegietako ikasleek eta Mintzakide programako kideek parte hartu dezakete.

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatu duen literatur lehiaketan euskalduntzen ari den edo Mintzakide programan parte hartzen ari den edozein sakandarrek parte hartu dezake. Banakako lanak dira onartuko direnak, egile bakoitzeko bakarra. Ipuin bakoitzak, gehienez, 150 hitz izan beharko ditu. Jakina, euskaraz idatziak izan beharko dute. Araudian jaso denez, ipuinetan Sakanari buruzko erreferentziaren bat sartzea ezinbestekoa da (tokiak, gertakari historikoak…).

Lehiaketak aurrera egiteko gutxienez 10 lan aurkeztu beharko dira; bestela, bertan behera geldituko da. Lanak martxoaren 18ra arte aurkeztu daitezke, bai Itsasi euskaltegian baita Mank-en egoitzan. Plika sistema erabili daiteke (ipuinaren bi kopia) edo bestela pdf formatuan euskara1@sakana-mank.com helbidera bidali daiteke. Lehiaketak hiru maila izanen ditu: 1. mailan A1 eta A2 mailetako ikasleek har dezakete parte;   2. mailan, berriz, B1 mailako ikasleek eta 3. maila B2 eta C1 mailetako ikasleendako da. Mintzakideek zein mailatan lehiatuko diren jakinarazi behar dute.