Sakanak biztanleak galdu ditu, bigarren urtez

Guaixe 2016ko urt. 15a, 08:15

2015eko lehen egunean 2014ko egun berean baino 197 sakandar gutxiago geunden. Jaitsiera ez da 2014koa bezain handia izan, baina bi urte horietan ibarreko populazioa %2,43 jaitsi da. Hau da, 502 biztanle gutxiago bi urtetan.

2013. urtean populazio errekorra lortu ondoren (20.809), Sakanako biztanleriak behera egin du ondorengo bi urteetan. 2014an 305 biztanle galdu ondoren, 2015ean ibarrak 197 biztanle (%0,96) gutxiago zituen, 20.307 guztira. Duela bi urteko jaitsiera erritmoa moteldu egin da (20 puntu txikiagoa da), baina beherako joeran beti ere. Generoari dagokionez, 2015eko ilbeltzaren 1ean Sakanan 10.422 gizonezko bizi ziren, aurreko urtean baino 100 gutxiago. Emakumezkoak, berriz, 9.885 ziren, 97 gutxiago. Urte batetik bestera genero banaketaren portzentajeak mantendu egin dira: %51,32 eta %48,68. Sakanako udalerri bakarrean bizi dira emakumezko gehiago gizonezkoak baino: Ziordian.

Herrika
Ibarreko sei udalerritan egin du biztanleriak gora eta gainontzeko bederatzietan behera egin du. Herritar hazkundea izan duten udalerriak dira: Arakil (14 biztanle gehiago, %1,49); Irañeta (1, %0,58), Uharte Arakil (1, %0,12), Bakaiku (3, %0,89), Urdiain (4, %0,59) eta Ziordia (9, %2,37). Herritarrak galdu dituzte gainontzeko herriek: Irurtzun (29 biztanle gutxiago, %1,3), Arruazu (-3, %2,70), Lakuntza (-5, %0,4), Arbizu (-6, %0,54), Ergoiena (-3, %0,75), Etxarri Aranatz (-25, %1), Iturmendi (-4, %1,02), Altsasu (-122, %1,6) eta Olatzagutia (-32, %2,06).


Atzerago begiratuz gero, 2015eko datuak 2005ekoekin eta 2010ekoekin alderatuta, hiru udalerrik biztanleria galdu dute: Irurtzunek, Ergoienak, Olatzagutiak. Eta alderaketa bera eginda, biztanleetan gora egin dute beste hiruk: Irañetak, Lakuntzak eta Arbizuk. Sakanako udalerri gehienek 2005ean baino herritar gehiago zituzten 2015ean. Joan den urteko datuak 2010ekoekin alderatuz gero udalerri gehienek biztanleria galdu zuten. Ibarreko biztanleria errekorra 2013an izan zen eta 2010ean gorako bidean zen biztanleria.


314 nafar gutxiago
Laugarren urtez segituan Nafarroak biztanleria galdu zuen. 2015eko ilbeltzaren aurreneko egunean herrialdean 640.476 nafar bizi ginen, aurreko urtean baino 314 gutxiago (%0,05). Emakumezkoak 322.591 ziren, 287 gehiago (%0,09). Gizonezkoak, berriz, 317.885; 601 gutxiago (%0,19).