Haur eskolak Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan

Guaixe 2016ko urt. 19a, 08:50
Nafarroako Parlamentuko Ogasun Batzordearen atzoko bilera. Argazkia: Nafarroako Parlamentua.

Guztira 400.000 euro bideratuko dira.

Nafarroako Gobernuaren 2016ko aurrekontu legea Parlamentuan bere bidea egiten hasi da. Nafarroako Parlamentuko Ogasun eta Finantza Politika Batzordea aurrekontu legeari aurkeztutako 390 emendakinak aztertzen hasi zen atzo. Haietako 150 aztertu zituzten eta gobernuari eusten dion laukoteak (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta I-E) proposatutako 35 emendakinek aurrera egin zuten. Eztabaidak gaur segida izanen du.

Atzo onartutako emendakinen artean Lakuntza-Arbizuko Kattuka eta Altsasuko Txirinbulo haur eskola publikoen eskaintza hobetzeko bi diru sail aurreikusten dira; bata 300.000 eurokoa eta, bestea, 100.000 eurokoa; 400.000 euro guztira. Lakuntza eta Arbizuko Udalek Kattuka haur eskola eraiki zuten baina Nafarroako Gobernuak hitzemandako diru-laguntzarik ez zuten jaso. Udalek 150.000 euroko diru-laguntza jasoko dute aurten. Altsasuko Udalak, bestalde, Haur Hezkuntzako lehen zikloa egiteko 250.000 euro behar dituela uste dute. Bi emendakin horien aldeko botoa eman zuten gobernuari eusten dioten lau alderdiek; PSN abstenitu egin zen eta UPNk eta PPNk kontra bozkatu zuten.