Arbizuko udal liburutegian antolatutako ekintza batek arreta eman dit: Kamishibai, izen exotikoa eta dotorea. Eszena ondokoa da: neska-kontalaria “tramankulu xume” batekin, neska-mutiko koxkorrak ahoa zuloari begira, erne-erne, eta “beste bat, beste bat…” garrasika. Batek baino gehiagok hori ikusi eta “Ezer ez eta festa!” esango genuke. Baina, gauza txiki horren atzean zerbait handia egon daitekeela susmoa hartu diot eta kuxkuxean hasi naiz. Kamishibai “paperezko antzerkia” da japonieraz. Ipuin kontalariak, egurrezko antzerki-kutxatxoaren (butai) barruan sartzen diren irudiez lagunduta, ipuinak kontatzen ditu. Modu honetan, ipuinak ikusi eta entzun egiten dira aldi berean.
Antza, Japonian sortu zen, joan zen mendeko 30. hamarkadako krisialdi ekonomikoari aurre egiteko. Herriz herri bizikletaz litxarreriak saltzen ibiltzen zen saltzaile batek karraka jo eta maletatik antzerki kutxa ateratzen zuen, bezeroen arreta erakartzeko. Marrazki laminak poliki-poliki pasa eta istorioak kontatzen zituen, haurren algarak edota beldurrak piztuz. Ikuskizuna bukatuta, nonbait, errazago saltzen zituen potokeriak. Istorio honek gure aittun-amiñek aipatzen dituzten “komedianteak” ekartzen dizkit gogora.
Jatorria dena delakoa izanda ere, ez da gutxi hain modu apalean ikusleak harrapatzea, beste eratako estimuluz josirik dauden honetan. Horrelako gauzek erakusten digute, “jostailuen industriak eta teknologiak” eskaintzen dizkien produktuez haratago joan daitezkeela haurrak. Istorio-marrazkien magian eta irudimenean murgiltzeko trebetasuna galdu ez duten seinale dira haur jostagarri, sugandila, horien aurpegiak.