Duela gutxi ur goiena, ur barrena, kantatzen ari ginen eta orain hori ere erabat ahaztuta dugu. Hauxe da nire lehenengo zutabea 2016. urtean eta “urte berri on” opa nahi nizuen, baina ez dakit beranduegi ailegatu ez ote naizen.
Nola pasatzen den denbora, urteak eta egunak, eta asteak, eta hilabeteak ere bai! Urtarrilean gaude, ia jada bukatzear, ilbeltzean, Oihanek, Etxarriko nire ikasleak, gogoratzen didan bezala. Hilabeteak pasako dira, eta beren izenak galduko dira gordetzen ez baditugu; adibidez, Guaixeko Alfredok eta Maiderrek Sakanako izen hauek beti erabiltzen dituzte: ilbeltza, otsaila, marsua, apiribila, maiatza, garagarrila, garila, agorrila, iraila, lastaila, azaroa eta abendua.
Iraila izenaren ordez Sakanan urra ere erabili dela esaten da Wikin. Leku berean, Zuberoako formak jasotzen dira: otsailaren ordez barantaila esaten dute, martxoa ostaroa da, apirila jorraila, maiatza epaila, ekaina arramaiatza (bi aldiz maiatza) edo bagila, uztaila berdintsua da: üztaila, abuztua agorrila, iraila setemere edo bürüila, urria antzekoa da: ürrieta, azaroak ez du batuko aldaerarekin zerikusirik: gorotzila, eta abendua negila.
Bestalde, Asier Madarieta Abertzaletasunaren Museoko teknikariaren artikulu bat topatu dut zuzeu.eus web orrian. Bizkaieraz erabiltzen diren izenak jasotzen ditu, haien esanahiak eta hamaika mila aldaera bitxi: otsailaren ordez zezeila, martxoaren ordez martia, ekainaren ordez bagila, uztailaren ordez garagarrila (guk ekainerako erabiltzen dugu izen hau), azaroaren ordez zemendia.
Erdaraz erabiltzen dugun egutegia eliza katolikoaren irazkinetik pasatu da eta finkatuta dago aspaldidanik. Baina egon badira beste formak. Frantziako Iraultzan, adibidez, beren egutegi propioa asmatu zuten errepublikazaleek. Matematikoak, Astronomoak eta Poetak saiatu ziren egutegi laiko bat egiten eta Mauleko udal kontseiluko kide batek euskarara itzuli zuen. Urtea irailaren 22an hasten zen eta lehenengo hilabete honi mahaxte deitzen zioten, lastailaren 22an hasten zen hilabeteari lainote, azarokoari izozte, abendu-ilbeltzekoari elurkor, ilbeltz-otsailekoari eurikor, otsaila-marsukoari haizekor... Apiribilaren 20tik maiatzaren 19ra, adibidez, lilidun deitzen zioten, zenbait lekutan loraila ere deitzen diotena.
Jules Vinson idazleak 1910. urtean idatzi zuen Le Calendrier Basque artikulua argitaratu dute euskonews.com gunean. Egilearen iritziz, euskal egutegi zaharra ilargiaren faseen arabera eratzen zen eta, hori dela eta, zenbait urtetan hamabi hilabete zeuden eta beste batzuetan hamahiru. Ilargi urdina duela esan ohi da.
Gure kantariek Ez dok hamahiru! esan omen zuten. Baina, euskal hilabeteen kontuan egon badago. Ilargi asko ikusteko eta gozatzeko aukera izan dezazuen.