2016ko gure lehenengo kolaborazioa denez, hasteko: urte berri on! Hau da denok, isilpean edo ahoz, pentsatu edo esan genuena ilbeltzaren 1ean. Guk ere gauza bera esan genuen urte berri honetan, GUAIXEn gai berriekin parte hartzeko!
Gizartean, batez ere Sakanako gizartean, emakumeen parte hartzeari buruz hitz egin nahi dugu. Gai zabala beste zutabe batzuetan hausnartzen jarraitzeko modukoa. Baina, gaurkoan indarrean dagoen beste gai batekin lotuko dugu: Sakanako garapenarekin. Oso lan garrantzitsua egin behar dena, baina, gure ikuspuntutik, genero ikuspuntutik, lan horri eskatu behar diogu Sakanako emakumeen, batez ere gure emakume gazteen (gehienek goi mailako ikasketak dituztenak), eskaintzak jaso ditzala eta beren beharrei erantzun dezala.
‘Sakanan bizi eta lan’ leloaren helburua lortzeko, hau da, gure herri txiki horiek bizi irauteko, ezinbestekoa da enplegua sortzea eta mantentzea. Baina, hortaz aparte badago kontuan hartu beharreko beste arlo batzuk: komunikazioa (gure artean eta gainontzeko munduarekin), hezkuntza, osasun-zerbitzuak, administrazio-zerbitzuak, etab. Beti ere herritar guztiek, emakume zein gizonek, aukera eta zerbitzu horiek erabiltzeko eskubide bera dugula bermatuz.
Eta, enpleguz aritzean, ez ahaztu krisi honetan desagertu den beste beharra: gizakien zaintzak. Enpleguak gero eta ordu gehiago eskatzen digu, bai formakuntzan, bai enplegua lortzeko, bai mantentzeko, bai lantegietan ‘izen handia’ eta “sona” izateko….. Baina pentsatu eta aurreikusi beharko dugu nork zainduko gaituen eta nork zainduko dituen gure ingurukoak. Honatx gure garapenaren planifikazioan sartu beharreko beste gaietako bat.
Dakigunez gaurko gizarteen garapenari buruz hitz egitean, ez dugu iraunkortasun ekonomikoa soilik lantzen, ingurumenarena eta gizartearena ere txertatzen da. Hori lortzeko landu behar dugu hirigintza, politikan parte hartzea, kultura, herritarren bizi baldintzak etab. Arlo hauetan guztietan emakumeen eta gizonen egoerak desberdinak dira, noizean behin parekatuak, bestetan diskriminatzaileak, baina, gehienetan desberdinak. Horrexegatik Sakanako garapen iraunkorrena eta lan eraginkorrena lortzeko bidean, gure proposamena da emakumeen egoera ezagutzea eta baldintza guztiak jartzea (ekintza positiboak barne) parte aktiboa izateko. Hori ezinbestekoa ikusten dugunez, hemendik ere proposamen hau errealitate bihurtzeko lan egingo dugu!