1.Zergatik egin zarete Ayuda Contenedores taldeko boluntarioak?
Imaz: Ni aurreerretiratuta nago eta Urra erretiroa hartuta, eta zerbaitetan laguntza ematea genuen buruan, boluntarioak egitea. Salesianoetara jo genuen, gure boluntariotza eskainiz eta Ayuda Contenedores Gizarte Kanpoko Erakundeaz (GKE) hitz egin ziguten.
2.Zein lan egiten du erakunde honek?
Ayuda Contenedores taldeak Iruñean, Etxabakoitzen du egoitza. Beraiek material bilketa egiten dute, eta logistika laguntza eskaintzen diete beste talde eta erakundeei, materialez betetako edukiontzien bidalketan laguntzen diete. Beti ere garapen bidetan dauden herrialdeei laguntza humanitarioa emateko proiektuekin lotuta dauden ekimenak dira taldeak laguntzen dituenak.
3.Hortaz, material bidalketa egiteaz aparte, bidalketan laguntzen du zuen GKE-k?
Bai. Arropak, zapatak, jostailuak eta beste biltzen dira Ayuda Contenedoresen biltegietan. Gure erakundearekin beste hainbat erakunde jartzen dira harremanetan eta beraiek egiten dute materialaren eskaera eta bidalketa eskaria. Adibidez, Sierra Leonan lanean dagoen erakunde batek bertarako materiala eskatu zuen edo Peruko oihanean lan egiten duen erlijioso batek bertako tribuendako materiala eskatu zuen. Orduan, gure taldeak edukiontziak bete eta bertara bidali zituen. Bihar, larunbatean, Perura bidaltzeko edukiontzi bat beteko dugu. Momentuan dagoen eskaerari erantzuten zaio.
4.Noiz hasi zineten talde honekin kolaboratzen?
Orain dela lau hilabete inguru hasi ginen biak. Iruñeko egoitzan hasi ginen lanean, baina erakundeak proposatu zigun ea zergatik ez genuen Sakanan delegazio bat zabaltzen. Altsasuko Zumalakarregi plazan, Itziar arrandegiaren eta J.J. tabernaren artean bajera bat utzi digute eta ilbeltzetik han zabaldu dugu GKE-ren delegazioa.
5.Hortaz, Sakanan delegazioa du zuen taldeak.
Bai, Altsasuko Zumalakarregi plazan. Asteazkenero zabalduko dugu, goizeko 11:00etatik 13:00etara, azoka eguna dela aprobetxatuz. Bertan arropa, zapatak, jostailuak eta beste jasotzen ditugu, beharra duten tokietara eramateko. Emakume talde bat gurekin lanean hasi da boluntario, jasotako arropa hori antolatzeko. Izan ere, arropak sailkatu behar dira: gizonendako, emakumeendako, haurrendako, neguko arropa, udakoa, jostailuak… Gerta daiteke ere norbaitek etxean materiala izatea. Gure delegaziotik pasa dadila, guri esan eta gu bere etxetik pasako ginateke materiala jasotzera.
6.Eta materiala biltzeaz aparte beste lanik egiten duzue erakunderako?
Bai, bildutakoa Iruñeko egoitzara eramateaz aparte, kanpora bidaltzeko edukiontziak bidali behar direnean edukiontziak betetzera joaten gara. Eta suertatzen dena. Egoitzan badaude materiala konpontzen dutenak ere.
7.Zuen taldea irekia da? Boluntario gehiago onartzen dituzue?
Jakina, boluntario izan nahi duena pasa dadila Altsasuko gure delegaziotik; esku zabalik hartuko dugu.
8.Askotan jendearen kezka izaten da ea jasotzen dena behar den tokietara iristen den…
Urra: Hori izan da hasieratik gure kezka ere. Guk argi genuen GKE serio batekin aritu nahi genuela. Hau da, laguntza behar den tokietara ailegatzen dela ziurtatzen duen erakunde batekin kolaboratu nahi genuela, eta hala dela ziurtatu digute, Ayuda Contenedores erakundeak laguntzen dituen proiektuen jarraipena egiten duela. Nire anaia erlijioso salesiarra da, eta duela gutxi erlijioso salesiar bat izan zen Perura bidaltzeko edukiontzi bat betetzen. Anaia ezagutzen zuela esan zidan. Galdetu genion ea laguntza bertara iristen zen eta erantzun zigun zalantzarik ez izateko, guztia iristen dela.
9.Bestela, Ayuda Contenedores erakundean informazioa jaso daiteke, ezta?
Bai, www.ayudacontenedores.org web gunean egiten diren lan guztien informazioa agertzen da. Zer materiala behar den, nora bidali behar den, edukiontzi bakoitza non eta noiz kargatzen den, argazkiekin. Eta edukiontziak behar den tokietara iristen direnean ere, nola deskargatzen duten ere ikusi daiteke. Urtero erakundeak bere aurrekontuen berri ematen du asanbladan.
9.Bihar, larunbatean, Perura bidaltzeko edukiontzi bat beteko duzue.
Bai, Oteiza de la Solanako Zabala aitak Perun lan egiten du, oihaneko tribuekin. Urrea biltzen den eremua da hura. Urrea modu tradizionalean biltzen zuten bertakoek, baina Estatu Batuetako enpresa batzuk ingurunea zapuztu dute: ibaiaren arroa desbideratu dute, zuhaitzak moztu eta beste urrea modu industrializatuan ateratzeko. Salaketa eskutitza egina du Zabala aitak. Berak lan egiten duen tokirako beste edukiontzi bat bidaliko dugu. Goizeko 8:30ean Oteizan edukiontzi erdia beteko dugu eta beste erdia Iruñean.
10.Jende berria ezagutzeko aukera ematen dizue ere boluntariotzak.
Bai, jende asko ezagutzen ari gara eta oso interesgarria da hori. Edukiontziak bete eta lana egin ondoren, hamaiketakoa edo meriendak egiten ditugu eta gure arteko harremana sakontzen da. Erriberriko jendea ezagutu dugu, Iruñekoa… toki askotakoa eta aberasgarria da.
11.Hortaz, boluntario izatera animatzen duzue jendea.
Zalantzarik gabe; betetzen zaitu. Sakandarrak animatu daitezela asteazkenean Zumalakarregiko delegaziotik pasatzera, informazio guztia emanen diegu.