Haur eta gazteendako sormen lehiaketak

Guaixe 2016ko urt. 21a, 14:44

Sakanako ikastetxeetan ikasten duten ikasleei zuzenduta daude ilustrazio, narrazio labur, poesia eta komiki lehiaketak.

Maria Markotegi sormen lehiaketak deitu ditu, atzera ere, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak. Hainbat mailetan banatuta dago lehiaketa. Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailan ari diren haurrek Itziar Zubizarretak moldatutako Azenario soroa ipuin ingelesa ilustratu beharko dute. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailan ari direnak, berriz, idazle berak moldatutako Katua, oilarra eta igitaia ipuin herrikoia ilustratu beharko dute. Ilustrazioak A4 tamainako orrietan egin beharko dira, nahi den teknika erabiliz. Bi mailetan bina sari banatuko dira: pintura zorro osatu bat.

Hiru adierazpide
Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrerako ikasketak egiten ari diren ikasleek euren sormena Maria Markotegi lehiaketan hiru adierazpideren bidez azaldu dezakete: narrazio laburra, poesia eta komikia. Bakarkako lanak onartuko dira soilik. Gaia librea izanen da. Lanen luzera honakoa izanen da: olerkietan 14 lerro gutxienez eta 40 gehienez; komikietan orrialde bat gutxienez eta 5 gehienez (A4 tamaina, teknika librea); eta narrazio laburretan LHko 5. eta 6. mailetako ikasleek orrialde bat gutxienez eta 3 gehienez, DBHko ikasleek 2 orrialde gutxienez eta 5 gehienez eta Batxilergoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleek 3 orrialde gutxienez eta 8 gehienez. Literatur lanak ordenagailuz idatzirik aurkeztuko beharko dituzte, Arial letra motarekin eta 12 puntuko hizki-tamainarekin.

Komiki, narrazio labur eta poesiako sariak
Kategoria                                        Saria       Zenbatekoa
LHko 5. eta 6. mailetako ikasleena    1. saia      50 €
LHko 5. eta 6. mailetako ikasleena    2. saria     40 €

DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleena  1. saria    70 €
DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleena  2. saria    60 €

DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleena  1.saria     90 €
DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleena  2. saria    80 €

Batxilergoak eta Erdi Mailako HZ     1.saria      110 €
Batxilergoak eta Erdi Mailako HZ     2. saria     100 €


Data
Lanak, plika sistema erabiliz, Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan martxoaren 18ko 15:00etarako aurkeztu beharko dira.