15 sakandar hondakinen kudeaketan trebatuta

Guaixe 2016ko urt. 21a, 11:42
Eskola tailerreko ikasleak, irakasleak eta sustatzaileak.

Hiri eta industria hondakinen kudeaketan sei hilabetez prestatu dira.

Hiri eta industria hondakinen kudeaketarako eskola-tailerrean ikasten egon diren 15 sakandarrek asteartean despeditu ziren. Eskola-tailerreko zuzendari Nagore Ocejok ikasleak zoriondu zituen; “nota onarekin gainditu dute”. Horregatik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako bigarren mailako profesionaltasun ziurtagiria eskuratuko dute, hiri eta industria hondakinen kudeaketa integralean gaitasun profesionala ziurtatzen du. Lan arriskuen prebentziorako oinarrizko ikastaroa gainditu dute ere.

Sei hilabetez hondakinen kudeaketa integralari buruzko jakintza jaso zuten. Aurreneko bi hilabete eta erdiak klasean egon ziren hiri hondakinak, industria hondakinak (laborategiko praktikak barne) eta lan osasuna eta segurtasuna gaiak lantzen. Nafarroako Unibertsitate Publikoak hondakinen kudeaketari buruzko Altsasun antolatutako uda ikastaroan ere izan ziren.

Bisitak eta praktikak
Teoriarekin batera, honako gaietan prestakuntza osagarria jaso zuten: ingurumen sentsibilizazioa, trebetasun sozialak, informatika eta teknologia berriak, ekintzailetasuna eta berrikuntza (ANEL), eko-berritasuna (Moderna fundazioa eta Laseme), genero-berdintasuna (Cederna-Garalur), enpleguaren bilaketa aktiboa (UGT) eta materia organikoaren konpostatzea (Vermican).

Aldi berean, klasean ikasitakoa bisitetan praktikan ikusteko aukera izan dute. Honako bisitak egin dituzte: Inoxnaparra, Industrial Barranquesa, Urdiain-Altsasuko araztegia, Emausko Traperoak, Ecointegra, Batuta, Gongorako hiri hondakinen tratamendu zentroa, Culebreteko hondakindegia, Azkoiengo ontzien tratamendu planta, EcoIruña, Bioenergia Mendi, Loreki eta Lapats. Prozesu guztian ebaluazio jarraitua eta azterketak izan dituzte, aprobetxamendua aztertzeko.

Eskola-tailerraren gainontzeko lau hilabete eta erdiak praktika profesionalak egiten pasa dituzte. Eskola-tailerraren sustatzaileetan zazpi lanpostutan egin dituzte praktika horiek. Mank-en Hondakinen Zerbitzuan egin dituzte haietako batzuk. Hala, Arbizuko hondakindegian dagoen Garbigunea garbitu, antolatu eta txukundu dute. Han bertan lan segurtasunari buruzko neurriak ezarri dituzte. Konposta zakutu eta hainbat modutara kudeatu dute. Eskola-tailerreko ikasleak Mank-eko hezitzaileekin batera auzo-konpostaren segimendua egin dute. Kerabi eta Vermican enpresetan ere praktikak egin dituzte. Guztia bukatuta, haietako bi dagoeneko Sakanako Mankomunitatearekin aldi baterako lanean ari dira eta hiru hilabeterako beste bi kontratu eginen ditu Vermicam enpresak.


Adierazpenak
Tailerra despeditzeko ekitaldian Aitor Karasatorre Mugurutzak, Mank-eko buruak, nabarmendu zuen hondakinen tratamenduaren helburu nagusia haiek hondakindegian ez bukatzea dela. “Helburu ekonomikoekin hondakinak tratatzeak eta berreskuratzeak ingurumena, paisaia, enplegua eta gizarte baldintzak hobetzen ditu; enplegu berdea da”. Azken finean, “hondakin gutxiago sortu, gehiago birziklatu eta sakandarrek egiten ari diren ahalegina bai sektore publikoan nola pribatuan lanpostuak sortzeko balio dezala nahi dugu”.

Karasatorrek jakinarazi zuen Europak 2020rako hondakinen erdia birziklatzea eskatzen duela. “Sakana dagoeneko kopuru horretan dago, eta Nafarroako Hondakin Planean ezarritako kopuruak gainditu ditu Mank-ek hondakinen gaikako bilketaren eta konpostatzearen aldeko apustu handia egin duelako”.

Karasatorrek nabarmendu zuen Mank-ek eta Sakanako Garapen Agentziak birziklatzearen bidez “enplegu berdea sortzeko potentzialtasuna errealitate bihurtzeko apustua egin dugu. Horren adibide dira enplegu-eskola tailerra eta materia organikoa berreskuratzea, prestakuntza eta enplegua sortzea helburu duen Europako Valorg proiektua”. Karasatorrek gaztigatu zuenez, enplegu berdea sortzeko zein prestakuntza eta enplegu-hobiak zehaztu beharra daudela. Legediak praktikan nola eragiten duen aztertu beharra dagoela gaineratu zuen. Mank-eko buruak Valorg proiektuak horiek guztiak testatzeko balioko duela gaztigatu zuen.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko (NEZ) Altsasuko bulegoko zuzendari Migel Anjel Jorgek NEZen izenean Mank-i eta eskola-tailerreko parte-hartzaileei eskerrak eman zizkien. NEZen “erakundeei eta pertsonei ahal den guztian zerbitzua eman eta laguntzeko” daudela azpimarratu zuen. “Halako proiektuekin, eta denen artean, krisitik aterako gara”.




3 milioi lanpostu
Europak 2020rako kalitate handiko %50 birziklatzea eskatzen du. Europako Batasunaren kalkuluen arabera birziklatze tasa horrek kontinentean 3 milioi lanpostu sortuko lituzke. Birziklatzea %70era igoz gero Europan beste 750.000 lanpostu sortuko liratekeela uste da.



13 ideia
Ekintzailetasuna eta berrikuntza moduluan ikasleek hiri eta industria hondakinen kudeaketari lotutako 13 negozio ideia sortu dituzte. Lasemek proiektu eko-berritzaileen lehiaketa antolatzea aztertzen ari da aurten. Hiru sarituek proiektua garatzeko adituen asistentzia teknikoa izanen lukete, gerora inbertsio funtsei aurkeztu ahal izateko.



Beste bat
Eskola tailerra Sakanako Mankomunitateak, Kerabi Gestion Medioambiental, SLk (Etxarri Aranatz) eta Vermican Soluciones de Compostaje, SLk (Iruña) sustatu dute. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, Enplegu Ministerioak eta Europako Gizarte Funtsak finantzatu dute. Inafrek eta NUPek lagundu dute. Mank-eko buruak jakinarazi zuen bigarren eskola-tailerra antolatzeko lanak abiarazi dituztela.