Ebakuntzak eginda, osatze bidea hasi du Zubietak

Guaixe 2016ko urt. 21a, 11:06
Zubietak Irribarriarekin hasi zuen Binakakoa, baina hiru jardunaldi ondoren erretiratu egin zen.

Aurreikuspenen arabera gutxienez 6 hilabete beharko ditu osatzeko

Aitor Zubietari ilbeltzaren 5ean egin zioten ebakuntza bikoitza. Batetik, eskuin belauneko meniskoaren haustura osatzeko ebakuntza egin zioten, eta, bestetik, ezker hankako Aquiles-en tendoiko lesio kronikoa osatzeko ebakuntza. Aspetik azaldu dutenez, Urbarmin klinikan Sagastibeltza eta Garralda medikuek atzelari etxarriarrari egindako ebakuntzak ongi atera ziren eta orain osatze eta errehabilitazio prozesuan murgilduta dago etxarriarra. Asperen esanetan, gutxienez 6 hilabeteko epea beharko du etxarriarrak kantxetara bueltatzeko.

Aitor Zubietak Iker Iribarria zuen bikote Binakakoan, baina hiru partida jokatu eta gero txapelketa utzi behar izan zuen etxarriarrak, eskuin belaunak izugarrizko mina ematen ziolako. Miguel Merinok hartu zuen bere tokia txapelketan.  

Zabaletak onera egin du nabarmen
Jose Javier Zabaleta atzelariari 2015eko ekainaren 4an ebakuntza egin behar izan zioten eskuin hankako txorkatilako tendoian kaltzifikazio bat zuelako. Osatze eta errehabilitazio prozesua ongi joan da, baina beste arazo bat sortu zitzaion Etxarrengoari: eskuin eskuan garatxo edo berruga bat atera zitzaion eta sekulako arazoak eman dizkio. Badirudi eskuan egin dizkioten tratamendu ezberdinak fruitua ematen ari direla eta Zabaletaren eskuin eskuak hobekuntza nabarmena izan duela. Hala azaldu du Aspek.

Etxarrengo pilotaria lautik eta bostetik normaltasun handiz piloteatzen du eta Aspen konfiantza dute Zabaleta hurrengo astean Labriteko lan taldean aritu ahal izango dela. Dena den, oraindik ez dute bere bueltarako datarik jarri.