Kolon eta ondesteko minbizia garaiz detektatzeko programa 2017an iritsiko da Sakanara

Guaixe 2016ko urt. 24a, 11:16

Osasunbideak kolon eta ondesteko minbizia garaiz detektatzeko programa 2013an hasi zuen. Programa horren bigarren fasea aurten abiaraziko du eta bere baitan, heldu den urtean, Sakanara iritsiko da. Osasuneko kontseilari Fernando Dominguezek jakinarazi duenez, Irurtzungo, Etxarri Aranazko eta Altsasuko osasun etxeetan 2017ko bigarren sei hilabetekoan jarriko da programa indarrean.

Kolon eta ondesteko minbizia garaiz detektatzeko programa 50 eta 69 urte arteko nafarrei zuzenduta dago. Dominguezek jakinarazi duenez, kolon eta ondesteko minbizia Nafarroan sarrien diagnostikatutako tumorea da, minbiziagatik emakumezkoetan heriotza gehien sortzen duen lehen arrazoia izanik eta bigarrena, gizonezkoetan. Haren tratamendu eta sendatzea errazagoa da garaiz detektatzen bada, eta goiz diagnostikatzen denean, % 90 sendatzen da. Aldiz, aurreratutako faseetan diagnostikatzen bada, biziraupena % 50era murrizten da.

Kontuan izatekoak
Minbizia mota hori prebenitzeko bizitza-estilo osasungarriak izatea garrantzitsua da, baita elikadura egokia ere. Esaterako: haragi gorria, prozesatuak neurrian jatea, suaren gainean zuzenean asko egindako edo ongi egindakoak neurrian jatea; zuntz askoko eta koipe gutxiko elikagaiak jatea, esnea eta esnekien kontsumoa sustatzea, elikagaietan dauden kaltzioa eta D bitamina behar bezala hartzea; ariketa fisikoa egitea (egunean ordu erdiz ibiltzea gutxienez intentsitate ertainean), sedentarismoa eta obesitatea saihesteko; eta alkohola eta tabakoa ez kontsumitzea, besteak beste.