Mank-ek hondakinen tasen hobariak onartu ditu

Guaixe 2016ko urt. 21a, 19:09

Birziklatutako plastikoak sailkatu eta haiekin fardoak egiten dituzte Arbizuko hondakindegian, tratamendu plantara eramateko.

Hobariak eskatzeko epea urte guztian zabalik dago. Eskaera onartzen den unean urte baterako ezarriko da hobaria eta urtero berritu beharko da. Mank-en Lakuntzako egoitzan aurkeztu behar dira eskaerak.

Sakanako Mankomunitateak hondakinen bilketa zerbitzuko tasak aztertu eta hobariak zehaztu zituen abenduaren 23an egindako bilkuran. Mank-en araudian lau kasutan onartzen dira hondakinen bilketa tasetan hobariak aplikatzea. Hala, Gizarte Segurantzaren edo Nafarroako Mendekotasun Agentziaren onuradunek kuota berezia izanen dute. %100eko hobaria izanen dute Efektu Anitzetarako Errenta-Adierazle Publikoa (EAEAP) edo hori bider 1,3 eginez ateratzen den kopurua gainditzen ez badu.

%100eko hobaria ere izanen da eskatzaileek ezkontide edo gisa bereko bizikidea duenean eta bien diru sarrerak 1,35 aldiz EAEAPa gainditzen ez duenean. Hobari bera izanen dute 23 urtera arteko seme-alaba langabeak, ikasleak edo diru-sarrerarik gabeko ezgaituak dituztenak ere. Menpeko lagun bakoitzeko EAEAPa 0,23 handituko da. Eskabidearekin batera, jasotako prestazioaren egiaztagiria, errenta aitorpena edo Ogasun Departamentuaren agiria, eskatzaileen edota bizikideen diru sarreren egiaztagiriak eta udaleko errolda egiaztagiria aurkeztu beharko dira.

Hiru gehiago
Hondakinen tasan erabateko hobaria izanen dute etxe bat bota eta beste bat jasotzen ari diren bitartean. Froga-agiri gisa udalak emandako ziurtagiria erakutsi beharko da. Bestalde, hutsik dauden etxebizitzen jabeen hobaria %70ekoa izanen da. Horretarako, etxebizitzak ur eta argi zerbitzurik ez duela frogatu beharko da. Azkenik, %100eko hobaria izanen dute etxetik edo lokaletik 500 metro baino gehiagora edukiontzia edo hondakinak biltzeko euskarriak dituztenek.